Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Emakumeen aurkako indarkeria

Testuingurua

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitera zuzendutako programak EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Planean


 

 

Testuingurua

Emakumeen aurkako indarkeria, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren adierazpen larrienetako bat da. Zentzu horretan, ezinbestekoa eta premiazkoa da giza eskubideen urraketa larri eta onartezin horren aurka lan egitea.

Horretarako, epe laburrean aritzea ezinbestekoa da, biktimak babesteko eta haiei arreta eskaintzeko neurriak eta baliabideak sortuz. Gainera, emakumeen aurkako indarkeria gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren ondorio dela erakusten duten sentsibilizazio eta prebentzio ekintzek lehentasuna dute hura erabat desagerrarazteko bidean.
Hiru jokabide horiek (biktimen babesa eta arreta osoa, sentsibilizazioa eta prebentzioa), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean daude bilduta.

Lege horren artikuluetan zenbait neurri ezartzen dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, emakumeen aurkako edozein indarkeria prebenitzeko oinarrizko eta funtsezko alderdi gisa. III. Tituluko (Zenbait interbentzio gunetan berdintasuna sustatzeko neurriak) VII. atalean (Emakumeen aurkako indarkeria) arazo horri aurre egiteko zenbait alderdi arautzen dira.

Lehenik eta behin, 4/2005 Legearen 50. artikuluak lege horrek emakumeen aurkako indarkeriatzat zer hartzen duen definitzen du labur: sexu arrazoiagatik egindako edozein ekintza bortitz, ondorioz, min fisikoa, sexuala edo psikologikoa dakarrena edo ekar dezakeena edo emakumeari sufrimendua eragin diezaiokeena, horrelako ekintzak egiteko mehatxua, derrigortzea edo askatasun arbitrarioa ukatzea ere barnean hartuta, bai bizitza publikoan bai pribatuan.

Ondoren, kapitulu horrek bi atal ditu eskumena duten Euskadiko administrazio publikoek esku hartzeko neurriak biltzen dituztenak. Lehenengoa (51-53 art.) ikerketari, prebentzioari eta emakumeen aurkako indarkerian parte hartzen duten langileen trebakuntzari dagokiona; eta bigarrena (54-62 art.), etxeko tratu txarrak eta sexu erasoak jasan dituzten biktimei arreta osoa eta babesa ematera zuzendutakoa, baita gai horretan eskumena duten euskal administrazio publikoen arteko koordinazioa bultzatzeari buruzkoa ere, ekintza eraginkorrak bideratzeko asmoz.

Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko prozesuan eta une honetara arte egindako lanaren garapenean oinarrituta komenigarria da IX. legegintzaldian Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Emateko Zuzendaritza sortzea, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren baitan, sail honek zuzentzen eta koordinatzen baitu Eusko Jaurlaritzak gai horren inguruan duen politika. Era berean, horren inguruan legegintzako esparru espezifiko baten beharra dago, aipatu indarkeriaren hainbat adierazpenei aurre egingo dieten neurriak arautzeko asmoz.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak, 2009ko azaroaren 17an egindako saioan, legegintzaldi honen (2009-2013) egutegia onartu zuen. Bertan, genero indarkeriaren biktimei arreta osoa emateko gobernuak gauzatu beharreko lege ekimen bat azaltzen da.

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitera zuzendutako programak EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Planean

Emakumeen aurkako indarkeria osatzen duten eremu eta alderdi guztietan batera lan egiteko asmoz, bi programatan lan egitea proposatzen du EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Planak:

SENTSIBILIZATZEA ETA PREBENITZEA

Sentsibilizatzea eta prebenitzea oinarrizko osagaiak dira emakumeen aurkako indarkeria murrizteko, hura guztiz desagerrarazi arte. Sentsibilizatzeko eta prebenitzeko lanik egin gabe indarkeria horri aurre egitea, haren eraginen aurka lan egitea litzateke, baina ez haren arrazoien aurka, eta are garrantzitsuagoa dena, prebentzioa eta sentsibilizazioa beharrezkoak dira indarkeria errepika ez dadin.

Lehen pausoa, beraz, erakundeen parte-hartzea arazoaren sustraietan ardaztea izango da. Horregatik, programa honen helburua, batetik, edozein genero indarkeria agerian uzteko lan egitea da, eta bestetik, gizarteari emakumeek bizitzako alor guztietan pairatzen duten desberdintasun eta diskriminaziotik sortzen den arazoa dela ikusaraztea eta portaera bortitz horiek bultzatzen dituzten balio, jarrera era estereotipo sozialak ezabatzea.

Gainera, beharrezkoa da emakumeen segurtasuna handitzea, bai hiri diseinuari dagokionez, beren diseinuagatik edo argi ezagatik edo isolatuta daudelako arriskutsuak diren edo segurtasun sentsazioa sortzen duten tokiak kenduz, bai prebentzio prozedurak edo protokoloak ezarriz.

Arlo honekin loturiko prebentzioak, indarkeria mota ezberdinen kausei, eraginei eta ondorioei buruzko jakintza areagotzea eskatzen du, baita biktimen errealitateari eta premiei buruzko jakintza areagotzea ere, diskriminazio anitza aintzat hartuta. Halaber, beharrezkoa izango da abian dauden ekintzen eragin maila aztertzea, bere eraginkortasuna handitzeko asmoz.

ARRETA

Programaren helburua indarkeria egoerei era oso eta eraginkorrean aurre egitea da, biktimei administrazio publikoetatik ematen zaien arreta hobetuz.

Ildo horretan, indarkeria egoeretatik irten nahi duten emakumeen kopurua handitzea da helburua, eta egoera horretan ematen duten denbora gutxitzea, egoera goiz antzemanez, zerbitzuetara eta baliabideetara iristeko bidea erraztuz eta arreta eraginkorragoa emanez.

Halaber, arreta hobetzeak esan nahi du protokoloen norainokoa handitu egingo dela indarkeria egoera edo kasuetan, biktima diren emakumeen arreta osoaren prozesuko zerbitzu eta laguntzen estaldura eta eraginkortasuna hobetuko dela, eta prozesuaren aldi guztietan beren segurtasuna bermatuko dela.

Halaber, esan nahi du hala eskatzen duten pertsona guztiek eskuratu ahal izango dituztela zerbitzuak, beraz, diskriminazio anitzeko kasuak kontuan hartu beharko dira. Horretarako, beharrezkoa izango da arreta zerbitzuetako bulegoetan ez arkitektura oztoporik izatea, eta bestelako trabak ere ezabatzea. Hortaz, beharrezkoa izango da zerbitzuek zenbait baliabide izatea, hala nola, zeinu hizkuntza, interpretazio zerbitzua, kultur bitartekaritza edo beste era batekoa.