Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

 

 

2007-2009 EPEALDIKO EKINTZAK

2007ko azaroaren 2ko data duen Gizonduz ekimena."Berdintasunak gizonago egiten zaitu" agirian jasotzen den plangintzari jarraiki, besteak beste, ondorengo ekintzak burutu dira.

Lehenengo ekintza izan zen 2007ko azaroaren 5ean eta 6an Donostian maskulinitatea eta eguneroko bizitzari buruz egin zen nazioarteko biltzarra. Bertan izan ziren hainbat lurraldetako aditu, eta horiekin batera gutxi gora-behera 400 parte hartzaile.

Hilabete horretan bertan "Berdintasunak gizonago egiten zaitu" sentsibilizazio kanpaina burutu zen, batez ere gizonei zuzendua, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde beraien konpromezu aktiboa bultzatzeko. Kanpainan zehar euskal telebista publikoan (ETB-1 eta ETB-2) hainbat iragarki eman ziren.

2008ko apirilean Lehendakariak jendaurrean aurkeztu zuen “Euskal gizonen eskutitza, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka” agiria. Gutunari atxikimendua eman dioten gizonen artean daude politika arloko, kultur arloko eta hedabideetako ordezkariak. Era berean, azken urteetan gure erkidegoan berdintasunaren eta maskulinitate berrien inguruan lan egiteko sortutako hausnarketa taldeek ere beraien atxikimendua erakutsi dute. Jendaurrean aurkeztu zenetik, hainbat ekimen egin dira beronen aldeko sentsibilizazioa eta zabalpena bultzatzeko, hala nola kartelen bidez, prentsa eta irratien bidez, aldizkari bat eginez edo herrietan informazioa emateko eta sinadurak biltzeko karpa ipiniz. Eusko Jaurlaritzak eta hainbat udalek, beste zenbait erakunde publiko eta pribaturekin batera, gutunaren hedapenean eta sinadura bilketan lagundu dute. Horri guztiari esker, 10.000 gizonek baino gehiagok gutunari atxikimendua erakutsi diote.

2008ko apirilean Eusko Jaurlaritzako (www.euskadi.net/gizonduz) web orrialdean Gizonduzentzat gune berria sortu zen, ekimenari buruzko informazio zabala modu desberdinetan eskainiz, hala nola elkarrizketekin osatutako atalaren bidez, dokumentazio gunearekin, bibliografia eskainiz, bideoak eskueran jarriz, intereseko web guneetara bideratzeko estekekin, etab. Gainera, 2009ko uztailetik web orrialde horretan Gizonduzen bloga aurki daiteke, herritarrei zabalduriko gunea berdintasunarekin, gizonekin eta maskulinotasunarekin zerikusia duten berriei buruzko iritziak, hausnarketak eta iruzkinak adierazi ahal izateko. Era berean, 2009ko abendutik Gizonduz ekimenari buruzko berriak Facebook-en eta You Tube-n ere aurki daitezke.

2008ko irailean aita izango direnentzako Gizonduzen motxila aurkeztu zen, eta harrezkero 2010ko abendura ia 30.000 gizonek jaso dute Osakidetzako emaginen bidez eta foru aldundietan adopzio kontuak daramatzaten atalen bidez. Bertan sentsibilizazio materiala biltzen da, aitatasunarekin eta zaintzarekin lotuta dauden jarraibideak eskaintzeko asmoarekin, baita ere balore ez sexisten transmisioan aitaren irudiaren eraginari buruz hausnarketa egiten laguntzeko. Materialen artean “Aitak” dokumentala, “Aitaren sekretua” ipuina, “Aitak berdintasunean” gida, “Gizonak, berdintasuna eta maskulinitate berriak” gida, autoan jartzeko eranskailua eta Gizonduzen egunkaria daude. Egitasmo hau Caja Laboral-Euskadiko Kutxak diruz lagundu du.

Azaroaren 25eko ospakizunak zirela eta, 2008ko azaroaren 24an Bilboko Arte Ederren museoan “Euskal gizonak emakumeenganako indarkeriaren aurka” ekimena burutu zen. Ekimenera Lehendakariarekin batera, 200 gonbidatu baino gehiago joan ziren, gehienak gizonak, euskal gizarteko hainbat eremutako ordezkariak, hala nola politika, kultur eta kirol arlokoak, hedabideetakoak, ekonomia arlokoak, gizarte mugimenduetakoak, etab.

2009ko martxoan Gizonduzen sentsibilizazio eta prestakuntza programa abian jarri zen. Programa hainbat ikastarok osatzen dute, horietarik zenbait aurrez aurre egitekoak dira eta beste zenbait internet bidezkoak. Ikastaroen bereizgarria da dohain izatea, eta horrekin batera eskaintza zabal eta anitza izatea, eta baita moldagarriak eta malguak izatea ere. Bi eratako ikastaroak daude, alde batetik programatuak, hau da, aurrez ikastaroaren alderdi nagusienak zehaztuta daudenak (edukiak, ezaugarriak, egunak, lekua, hizkuntza, etab.). Eta beste alde batetik, programatu gabeak edo bezeroaren arabera moldatzen direnak, bai luzerari eta edukiei dagokienean, baita ere egingo den lekuari eta hartzaileari dagokienean. Ikastaroetan emakumeek parte har dezaketen arren, bereziki gizonei zuzenduta daude. Helburu diren gizonek, bakarka edo kolektiboan, interes pertsonala dutelako edota profesionala dutelako, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zer den eta beraren alde nola lan egin dezaketen jakiteko eta sakontzeko jakin mina daukate. Zentzu horretan, gizonekin, berdintasunarekin eta maskulinotasunekin lotutako gaiak lantzen dira, eta baita ere osasuna, zaintza, aitatasuna, sexualitatea, bide-segurtasuna, toxikomaniak prebenitzea, kriminaltasuna prebenitzea, eta antzeko gaiak ere. 2009ko martxotik 2010eko abendura bitartean 140 ikastaro baino gehiago egin dira eta 3.116 lagunek parte hartu zuten, 1.665 gizonek eta 1.451 emakumek. Gogobetetze maila oso altua izan zen; izan ere, partaideetatik %91ak ikastaroak bizitza pertsonalerako eta %85ak bizitza profesionalerako baliagarriak izan zitzaizkiela adierazi zuten.

2009ko ekainaren 2an Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean 2009ko apirilaren 21eko Ebazpena argitaratu zen. Bertan Emakundek-Emakumearen Euskal Erakundeak Euskal Autonomi Erkidegoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten gizon elkarteei 2009ri dagozkion diru laguntzak erregulatzen ditu. 18.000€ko diru laguntza Arabako, Bilboko eta Ermuko berdintasunaren aldeko gizon taldeek eta Euskadiko berdintasunaren aldeko gizonen sareak “Gizon Sarea Elkarteak” aurkeztutako zei proiekturen artean banatu ziren. Proiektuetan berdintasunaren alde eta emakumeen indarkeriaren aurkako ekimenak aurkeztu ziren, hala nola sentsibilizazio kanpainak, prestakuntza programak, jardunaldiak, topaketak, eta abar.

Halaber,  ekainaren 24ko ebazpenaren bitartez,  Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde diharduten elkarte mistoentzako eta gizon-elkarteentzako 2011ko diru-laguntzak arautu ziren.

Horiez gain, gizonek emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ikastaro, master eta graduondokoetan eta Emakundek antolatzen duen Berdintasunerako Foroan parte hartzea bultzatzeko, jarduera horiei buruzko publizitatea egiteari ekin zaio Gizonduzen webgunearen bitartez. Horrez gain, buletin elektronikoa bidali zaie berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako euskal gizonen Karta sinatu duten guztiei eta Gizonduzen sentsibilizazio eta prestakuntza programaren testuinguruan antolatu ziren ikastaroetan parte hartu dutenei.

Ekimena abian jarri zenetik, berdintasunarekin, gizonekin eta maskulinitateekin, oro har, eta Gizonduzen alderdi eta neurriekin, zehazki, zerikusia zuten hainbat kontsulta erantzun dira, aholkularitza lana eginez. Kontsulta horiek pertsonek, berdintasuneko eragileek, emakumearen institutuek, legegintza-organoek, udalek, kirol federazioek, elkarteek, sindikatuek, enpresek, emaginek eta abarrek egin dituzte.

Amaitzeko azpimarratu behar da Gizonduz abian jarri zenetik berau ezagutarazteko asmoz Emakundek hainbat sentsibilizazio ekimenetan parte hartu duela (hitzaldiak, jardunaldiak, biltzarra, etab.) eta hainbat hedabidetan izan dela Gizonduzi buruz hitz egiten. 

Gizonduz Ekimena. Txostena 2007-2010 epealdia. (pdf 1,58 Mb)