Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Mainstreaminga eta Gobernantza

Testuingurua
Mainstreamingerako baldintzak
Mainstreamingaren egungo balorazioa
Berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko edukiak EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Planean

 


 

Testuingurua

Gaur egungo egoeran (krisi ekonomikoan murgilduta, administrazioa konplexua eta hedatzeko joera duena izanik, eta herritarrek erakundeekiko gero eta mesfidantza handiagoa duten honetan), beharrezkoa da Gobernuaren ekintzak sakon ezagutzea, hobetu ahal izateko. Ez da nahikoa erakundeen egiturak eta prozedurak ondo diseinatzea; horrez gain, prozesu errealak eta emaitza eraginkorrak izango dituzten politika publikoak behar ditugu. Plangintza eta kudeaketa publikoaren ardatz bihurtu zaizkigu Administrazioaren modernizazioa, eraginkortasuna (bai helburuak lortzeari begira, bai eraginkortasun ekonomikoa) eta, batik bat, gobernuen legitimitate demokratikoa.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikek ezin diote planteamendu horri ihes egin. Politika publikoetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko ikuspegi berriena mainstreaminga delakoa da. Ikuspegi horren arabera, pixkanaka txertatu behar da genero ikuspuntua erabaki publikoak hartzeko prozesuaren fase guztietan, eta prozesuan zeresana duten eragile eta partaide guztien inplikazioa behar dira horretarako. Ikuspegi horren helburua berdintasun politikek gizartean benetako eragina izatea da, aginte publiko guztiak elkarrekin koordinatuta berdintasunezko gizartea eraikitzeko bidean bat eginda.

Mainstreaming kontzeptua hasiera batean Nazio Batuetako Emakumearen Egoera Juridikoaren eta Sozialaren Batzordeak proposatu zuen lehen aldiz, 1987an. Ondoren, estrategia orokor moduan hartu zuen Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Europar Batasuneko Epe Ertainerako III. Ekintza Programak (1991-1995). Dena den, 1995ean sartu zen mainstreaming kontzeptua nazioarteko politikagintzan; hain zuzen ere, Nazio Batuen Erakundeak antolatuta Pekinen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Batzarrean onartutako Ekintza Plataformaren bitartez; bertan, gobernuei beren ekimenetan genero ikuspegia kontuan har zezatela eskatu zitzaien.

Mainstreaming kontzeptuak esanahi desberdinak hartzen ditu, definizioan azpimarratzen dituen osagaien arabera: emakumeen eta gizonen artean ezberdintasunak daudela aitortzen duen ikuspegi gisa uler daiteke (bizi baldintzetan, egoera sozial, ekonomiko eta kulturalean eta beharretan) eta, beraz, politika publikoak erabakitzean, antolatzean, gauzatzean ere ebaluatzean ere islatzen direla, berdintasuna lortze aldera. Era berean, estrategia gisa uler daiteke, berdintasuna agintari publikoen jardueretako esparru eta ekintza guztietan aplikatu nahi duena. Estrategia hori prestatzeko prozesua konplexua da, eta beharrezkoa da erabakiak hartzeko orduan eragile instituzionalen eta sozialen lankidetza eta adostasuna jasotzea, eta prozesu horretan emakumeek ere parte hartzea. Hori guztia kontuan hartuta, honela definitu ohi da mainstreaminga:

«Prozesu politikoak antolatzea, hobetzea, garatzea eta ebaluatzea, neurri politikoak hartzeko orduan zeresana duten aktore guztiek politika, maila eta etapa guztietan sar dezaten genero berdintasunaren ikuspegia» (Europako Kontseilua, 1998).
Mainstreaminga, beraz, helburu eta tresna da aldi berean: emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna lortzeko helburua da batetik, eta erabakiak hartzerako orduan hobekuntzarako tresna bestetik. Prozesu politiko eta prozedura tekniko gisa ulertu behar da, beraz.

Mainstreamingerako baldintzak

Badira baldintza orokor batzuk, genero ikuspegia erakunde publikoen jardueran sartzeko lagungarri direnak. EAEko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako V. Planak hain zuzen ere baldintza horiek bultzatu nahi ditu, ikuspegi horrek arrakasta izateko ahalik eta aukera gehien izan ditzan.

• Berdintasunaren jakintza eta neurria: abiapuntuak holistiko eta integrala izan behar du, gizarteko eta ekonomiako alderdi desberdinak uztar ditzan; esaterako, familia, lana, politika, kultura, sexualitatea, indarkeria eta abar. Horretarako, ezinbestekoa da gizarteko egoera behar beste ezagutzea; hots, generoen arteko harremanak benetan nolakoak diren eta gizon-emakumeak gizartean zein baldintzetan bizi diren. Aintzat hartu behar da politika publikoek pertsonengan duten eragina; horretarako, batetik, beharrezkoa da esparru sozial desberdinetan ikerketak eta azterketak egitea, eta, bestetik, estatistika eta datu fidagarrien bitartez esanguratsua den informazio guztia jasotzea.
• Agenda politikoaren arlo guztietan txertatzea: ezinbestekoa da erakunde publikoek sexuen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso politiko irmoa hartzea. Horretarako, ardura politikoa duten pertsonek argi erakutsi behar dute berdintasuna eragozten duten oztopo guztiak kentzeko borondatea dutela eta eraldaketa prozesu horretan erantzukizuna daukatela. Era berean, moldatu egin behar dituzte berdintasunerako politika espezifikoak, konplexutasunari erantzuteko gai izateko.
• Emakumeen parte-hartzea erabakiak hartzeko orduan: sekulako garrantzia du emakumeek erabaki publikoak hartzeko prozesu osoan parte hartzeak. Parte-hartzea emakumeen interesak kontuan hartuko direla bermatzeko ezinbesteko baldintza da. Premisa horrek gogoeta egitea eskatzen du erakundeetan eta erabakiak hartzeko eremuetan emakumezkoek duten ordezkaritzari eta emakumeen eta gizonen presentziaren parekotasunari buruz, berdintasun legea aplikatuz.
• Jarraipena egiteko eta koordinaziorako mekanismoa: mainstreamingak erabakiak hartzeko prozesu politikoan prozedura espezifikoak diseinatzea eskatzen du, baita bertan inplikatutako aktore sorta zabaltzea ere. Bestalde, edozein helburu gauzatzeko, giza baliabideak eta materialak behar dira. Baliabide ekonomikoak izateak esan nahi du erakundeek, aurrekontuetan, aintzat hartzen dituztela berdintasunaren aldeko politika publikoak, eta partidak zuzentzen dituztela xede horretara. Giza baliabideak ezinbestekoak dira jarduera publikoaren arlo guztietan genero ikuspegia sartzeko; hori horrela, ahalegin handia egin behar da langileei prestakuntza egokia emateko.

Mainstreamingaren egungo balorazioa

Martxan jarri zenetik hamarkada bat baino gehiago pasatu den honetan, mainstreaminga aplikatu den moduei buruz hausnartzeko ordua da. Ildo horretatik, egin beharreko oinarrizko galderak honakoak dira: baliagarria izan al da mainstreaminga gizarteak berdintasunaren bidean urratsak emateko? Hobetu egin al ditu emakumeen bizi baldintzak? Nola neur daiteke kasu konkretu bakoitzean izan duen arrakasta edo porrota? Hala ere, beste galdera hauek egin beharko genituzke aurrez: nola ulertu da mainstreaminga? Gizartea eraldatzeko tresna gisa? Agenda politikoan sartzeko prozesu gisa? Kudeaketa burokratikorako tresna gisa?

Oro har, gobernuek tresna gisa definitu eta erabili dute mainstreaminga. Ikuspegi horretatik, honako hauek dira mainstreamingaren estrategia osatzen duten elementuak: sustatze-lanak egiteko egitura espezifikoak sortzea; bere ezarpenerako koordinazio mekanismoak lantzea; ezagutza teknikoa, datuak eta estatistikak egitea; lanerako jardunbideak eta gidaliburuak egitea, eta abar. Eredu horren alderdirik onena bere eraginkortasuna da, hainbat arrazoirengatik: testuinguru soziala sakonki ezagutzeko bidea ematen duelako, berdintasuna emakumeentzat zein gizonentzat positiboa dela erakusten duelako, gizarte zuzenagoak eraikitzen laguntzen duelako, produktibitatea eta hazkunde ekonomikoa hobetzen dituelako, pertsonen alderdi guztiak garatzen laguntzen duelako, eta erakundeetan kudeaketa hobeto egiteko baliagarria delako. Funtsean, gai publikoak modu egokian kudeatzeko erabilgarria delako.

Programetan edo politiketan emaitzak lortzeko eraginkortasuna edo gaitasuna izateko, xede den herritar taldeak ondo zehaztuta egon behar du eta, programak nahiz politikak diseinatzerakoan eta ezartzerakoan, emakumezkoak eta gizonezkoak bereizten dituzten ezaugarriak jakin behar dira. Gobernantza eta kezka zein interes ezberdinak bateratzea aipatzen dugunean, komeni izaten da gogoraraztea emakumezkoak eta beren lehentasunak ez direla gutxiengoa, baizik gehiengo zilegia eta isildua; egungo garapen eta hazkuntza eredu murriztaileetatik askatu nahi duen taldea, hain zuzen.
Ikuspegi horretatik, mainstreamingak bat egiten du gobernantzaren ideiarekin. Azken kontzeptu hori gero eta gehiagotan erabiltzen da herri-agintarien esku hartzearen eraginkortasuna, kalitatea eta ildo egokia adierazteko, eta beren zilegitasunaren oinarria ematen die herri-agintariei. «Gobernatzeko modu berria» esaten zaio batzuetan. Gobernantza kontzeptuak erabakiak hartzeko eta erabaki horiek gauzatzeko prozesuan jartzen du arreta; hau da, administrazioak berdintasunerako politikagintzan ildo ona ziurtatzeko abian jartzen dituen mekanismoak aztertzen ditu.

Horregatik zuzendu dio EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Planak bere lehen atala berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeari: mainstreaminga gauzatzeko oinarrizko alderdiak jasotzearren, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritakoa betez.

Bere printzipio orokorren artean, 4/2005 Legeak genero ikuspegia herri-aginteek aurrera eramaten dituzten politika eta ekintza guztietan txertatzeko aldarrikapena egiten du, desberdintasunak ezabatzeko eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko (3. artikulua). Legearen ondorioei begira, honako hau da genero ikuspegia txertatzea: «Emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan aintzat hartzea, eta politika eta jarduera guztietan, maila guztietan eta haien plangintza, egikaritze eta ebaluazio fase guztietan, desberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko helburu eta ekintza zehatzak gauzatzea».

Horretarako, 4/2005 Legeko II. Tituluan hainbat neurri ezarri dira, EAEko administrazio publikoen jardunean genero ikuspegia txertatzeko: bigarren kapituluan, genero ikuspegia estatistiketan eta azterlanetan benetan kontuan hartzen dela bermatzeko hainbat xedapen daude; hirugarren kapituluak administrazioko langileei berdintasun alorrean eman beharreko trebakuntza arautzen du, guztia ere genero ikuspegia administrazioaren egunerokoan txertatu ahal izateko ezagutza praktikoa bermatze aldera; laugarren kapituluan, araugintzan eta administrazioaren jardunean berdintasuna sustatzeko neurriak daude jasota. Honako hauek, esaterako: generoaren araberako eragina aldez aurretik ebaluatzea, herri aginteek hizkuntza modu ez-sexistan erabiltzea, diru-laguntzak ematerakoan eta kontratazioetan genero ikuspegia balorazio irizpidetzat hartzea, eta hautaketa prozesu ez-baztertzaileak egitea.

Berdintasunerako V. Planaren lehen atal honetan, jaso eta garatu egin ditugu genero ikuspegia EAEko administrazio publikoaren jardun orokorrean txertatzeko prozesua bultzatzeko eta indartzeko neurri horiek. Prozesuak etengabea izan behar du, eta pixkanaka-pixkanaka indartu beharrekoa. Neurri horiek pixkanaka ezartzean, etorkizuneko politika publikoak desorekak prebenitzera egongo dira zuzenduta, diseinatzen direnetik ebaluatzen diren arte, eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak ezarriko dituzte.

Berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko edukiak EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Planean

A. Udal administrazioetan eta nagusiki kapital publikoa duten enpresetan egindako berdintasunerako planak.
B. Berdintasunerako unitate administratiboak.
C. Koordinaziorako egiturak.
D. Genero ikuspegia duten estatistikak eta azterketak.
E. Genero ikuspegia duten administrazioen trebakuntza jarduerak eta berdintasunari buruzko trebakuntza jarduerak.
F. Berdintasun alorreko edukiak enplegu publikorako aukeraketa prozesuetan eta berdintasunean espezializatutako trebakuntza.
G. Hizkuntzaren edo/eta beste elementu komunikatiboen erabilera sexistarik egiten ez duten aldizkari ofizialak eta web orriak.
H. Generoaren eraginari buruzko aldez aurreko ebaluazioa duten arauak.
I. Genero ikuspegia duten arauak eta aurrekontu programak, eta bereziki berdintasunera bideratutako aurrekontuak.
J. Genero ikuspegia duten sektorekako planak eta alor guztiak barne hartzen dituzten planak.
K. Kontratazioetako, diru-laguntzetako eta hitzarmenetako berdintasun irizpideak.
L. Emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua duten epaimahaiak.
M. Berdintasunerako parte-hartze organoak, eta partaidetzako organo zein prozesu kontsultiboetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua.