|
Ritxar Bacete González: «Berdintasuna beharrezkoa da gizartea garatzeko»
Ritxar Bacete González, berdintasun aldeko gizonen mugimenduko kidea
Ritxar Bacetek hainbat urte daramatza generoaren, maskulinitatearen eta berdintasunaren aldeko militantzia aztertzen. Antropologo arabarra Arabako Berdintasunaren Aldeko Gizonen Taldeko (ABAGT), Gizon Sarea euskal sareko eta Espainiar Estatuko Foro de Hombres porla Igualdad foroko kide da.
Zein da Euskadiko berdintasunaren aldeko gizonen mugimenduaren osasun egoera?
Lehen taldeak orain dela hogei urte hasi ziren elkartzen, eta Xabier Odriozola bezalako gizonek ibilbide luzea egin dute maskulinitate berriak aztertzen. Baina mugimendua bera hazten ari da. Orain dela hiru urte ez zen helburu gisa gizartea aldatzea zuen talde finkorik existitzen. Orain, ABAGTz gain, elkarte informalak agertzen ari dira Ermuan, Irunen, Ondarroan eta Getxon, eta Bilbon ere talde bat sortzen ari dira. Gizon Sareak ekimen horiek guztiak bateratzeko eta elkar elikatzeko gune bat eskaini nahi du.
Zein da gakoa Arabako taldea finkatzeko prozesuak arrakasta izan dezan?
Garapen pertsonala lan sozialagoarekin uztartzeko helburuarekin jaio zen: indarkeria matxista salatzea, beste gizon batzuk sentsibilizatzea, gazteekin lan egitea, erakundeen inplikazioa lortzea... Berdintasuna gehiago errespetatzen duten jarrerak izateko aldaketa pertsonalak eta maskulinitatea baldintzatzen duten egitura patriarkalak aldatzeko konpromiso argiaren arteko oreka lortu nahi dugu. Hortaz, mugatua izango litzateke gaitasun propioen kasuan, eta mugatzailea beste pertsonei dagokienez, bereziki emakumeei dagokienez.
Zer papel jokatu behar du mugimenduak Gizonduz programan?
Gizarteak paper kritikoa bete behar du, eta erakundeen ekimenak bultzatu behar ditu. Gizonduzek sentsibilizatu, proposamenak aurkeztu eta topaguneak bideratuko ditu. Generoaren eta berdintasunaren arloan ehunka gizon trebatuko dituenez, katalizatzaile lana egingo du, kontzientzia sortzeko eta mugiarazteko. Baina mugimenduaren esku dago agenda politiko propioa eta antolaketa finkoagoa eratzea.
Feminismoa ez bezala, gizonen mugimendua erakunde politikei lotuta garatzen ari da.
Feminismoak eta berdintasunaren alde lan egiten duten erakundeek gizonen inplikazioa eskatu dute; izan ere, ezinezkoa iruditzen baitzitzaien gizartean gizonek osatzen duten % 50 hori gabe berdintasuna lortzea. Horregatik, talde txiki gehienak berdintasunen agenteen eskutik sortu dira. Berdintasunaren aldeko politikei aktore berriak eta aliantzak eranstean datza. Ez da bi mugimenduen artean muga bat ezarri behar; alderantziz, bi bide paralelo gisa ikusi behar dira, elkar eragin eta helburu berdinerantz doazen bi bide gisa.
Nola ikusarazten zaio gizon bati berdintasunak mesede egiten diola?
Mugimenduak ez du, bere abiapuntuan, batere abantailarik; hori du sakelak eskubideez betetzen dituen feminismoarekiko aldea. Pribilegioei uko egitean, areagotu egiten dira gure ongizatea eta bizitza kalitatea, horiek bumeran itxurako zerbait bezala funtzionatzen baitute: botere ekintza bakoitzak insatisfakzioa sortzen du, beldurra, bakardadea, isolamendua. Ideia hori naturaltzat jotzean, ezinezkoa egiten da generoari dagokionez gizartean ikuspegi mugatzailea dagoela ulertzea. Kontua ez da inor biktimizatzea, baina bai esan beharra dagoela gizonei eragiten dieten genero arazoak egon badaudela: zazpi urte gutxiago bizi gara, delituen % 95en egileak gara, arriskuak sortzen ditugu (auto istripuak, drogen kontsumoa…). Arazo horiek guztiek ezagutzera ematean, politika zehatzak jarriko dira martxan, eta horrek gizarte osoari egingo dio mesede. Baina, hala ere, ez dugu ahaztu behar berdintasunaren aldeko gizonen mugimenduaren oinarrizko helburuetako bat gizonek emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako konpromiso sendo eta aktiboa izatea dela.
Berdintasunaren aldeko borrokan, nola dago Euskadi?
Estatu osoan bezala, hemen ere desberdintasunen egoera dago, argi eta garbi: indarkeria matxista oraindik ere ematen da, emakumeek soldata baxuagoak dauzkate, lanpostu prekarioagoak, boterearen arloan presentzia txikiagoa… Gizonok inplikazio eta konpromiso falta izaten jarraitzen dugu zaintzaren arloan. Emakumeek arlo publikoak eskuratzeko hasitako iraultza baketsuak ez du alderantzizko mugimendurik piztu, akordio faltsu antzerako bat baizik. Gizonak aldaketara egokitu baizik ez dira egin. Sinetsi egin dugu berdintasuna eskubide eta balio kolektiboa dela dioen diskurtsoa, baina eguneroko bizitzan anonimoki desagertzen jarraitzen dugu. Gutako batek garbigailua jartzen duenean, inor ez da zoriontzeko agertzen, eta gu ez gaude laudorio ezera ohituta. Inplikatzen gara mesede egiten digun horretan, baina bizilagunen elkarteko, futbol taldeko edota herrialde bateko lehendakari izateko, beste norbaitek hartu behar du zaintzaren arloan daukagun erantzukizuna. Emakumeak esplotatzen jarraitu behar dugu botere egiturak mantentzeko.
Belaunaldi berriak berdintasunaren itxurakerian bizi al dira?
Moral bikoitza irakasten diegu: berdintasunaren diskurtsoa denboraren benetako erabileraren aurrean; hots, zer egin behar den. Kontua da neskek bai ulertu dutela berdintasuna praktikan negoziaezina dela, eta horrek erronka interesgarri baten aurrean jartzen ditu mutilak: aldatzeko beharraren aurrean. Hori horrela, mutilek ere berdintasunaren aldeko hautua egiteko ahaleginak egiten ditugu.
Zertan da homofobiaren aurkako borroka?
Indarkeria matxistarekin batera, mugimenduaren oinarrizko elementuetako bat da. Bi muga gaindiezinen gainean eraiki da maskulinitatea; izan ere, emakumea edo homosexuala ez den guztia baita gizona. Maskulinitate patriarkal eta hegemonikoa deseraikitzeko, beharrezkoa da maskulinitate ugari daudela onartzea; besteak beste, orientazio sexualari dagokionez. Alde horretatik, ABAGTren ardatzetako bat Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean eta Gay Harrotasunaren Egunean parte hartzea da.
Berdintasunak garapen sozioekonomikoa bultzatzen al du?
Mugatu egiten ditu arrisku jarrerak eta indarkeria, eta autonomia pertsonala indartzen du. Gaur egungo maskulinitate hegemonikora oso lotuta dagoen identifikaziotik istripu tasa teknikora pasatuko bagina, trafiko istripuetan laguntzeko bideratutako diru asko aurreztuko litzateke. Bestalde, harreman berdintsuagoak sortuz gero, emakumeak ez dira mugaturik sentituko beraien kide, guraso edo aitona-amonen erantzukizuna hartu behar izanagatik. Berdintasuna, beraz, ezinbestekoa da gizarteen giza garapenerako.
|