Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

"Ez da berdintasunik egongo, gizonak inplikatu gabe"  


Ander Bergara
Gizonduz-eko koordinatzailea

 

Ander Bergarak hamabi urte daramatza Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean lanean. Erakundeko aholkularia eta Gizonduz-eko koordinatzailea da egun. Jaurlaritzaren ekimen bat da Gizonduz eta, lehendakaria gidari dela, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko gizonak gehiago inplika daitezen sustatzea du helburu.

 

 

 

Nola sortu zen Gizonduz?

Berdintasunerako IV. Planean jasota geratu zen beharrezkoa dela euskal administrazioek neurriak hartzea, hain zuzen ere, sexuen arteko berdintasuna lortzeko gizonek konpromiso handiagoa har dezaten sustatzeko. Hala ere, lehendakariak berak emandako bultzada ezinbestekoa izan da Gizonduz sortzeko, aspaldi adierazi baitzion Emakunderi honelako ekimen bat berak gidatzeko nahia.

Beren-beregi gizonentzako ekimena da. Zergatik?

Azken urteetan izugarri aldatu da gizartean emakumeek izan duten zeregina, eta tradizioz gizonezkoen lantzat jo izan direnetan gero eta gehiago sartzen ari dira. Hala ere, prozesu honetan gizonek ez dituzte bere gain hartu -ez modu esangurantsuan, behintzat- etxeko lanak eta zaintza lanak, ez eta tradizioz emakumeen lantzat jo izan diren egitekoak eta baloreak ere. Emakumeek egindako aldaketa ez da nahikoa benetako berdintasuna lortzeko, berdintasuna ez baita posible herritarren %50 prozesu honetatik kanpo geratzen bada.

Nola txertatzen da ekimen hau Emakundeko gainerako programekin?

Beren-beregi gizonezkoentzako ekimena da. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko planteamendu orokor eta integral batean kokatzen da, non lehentasunezko helburua den emakumeen autonomia pertsonala sustatzea eta gizartean, ekonomian eta politikan duten lekuaindartzea. Horren haritik, berdintasunaren bidean gizonak inplikatu daitezen sustatzeko neurriak beharrezko osagarritzat jotzen dira, eta ez helburu hori lortzeko trabatzat ez eta horretara bideratutako baliabideen murrizketatzat ere. Beste modu batera esanda, gizonekin lan eginez emakumeek gizartean duten lekua hobetu nahi da, mundu zuzenago eta aukera-berdintasun handiagoko mundu bat egin, non giza garapenerako aukerak indartuko baitiren emakumeentzat nahiz gizonentzat.

Zer irabazten dute gizonek berdintasunarekin?

Gure gizartea sexista da, gizonok kolektibo bezala pribilegio batzuk ditugu: denbora gehiago dugu aisialdirako, espazio publikoaren eta botere politiko eta ekonomikoaren zati handiena hartzen dugu, eta hobeto bizi gara gehienbat emakumeek egiten dituzten etxeko lanen eta zaintze-lanen kontura. Baina kalte ere egiten digu gizartea modu honetan antolatuta egoteak, hain zuzen ere, eginkizunak sexuaren arabera hertsiki bereiztean oinarritzen den antolaketak. Oro har, gizonok bizi-itxaropen txikiagoa dugu, gure buruaz beste egiteko joera handiagoa dugu, espetxeratuak izateko, drogamenpekotasunak jasateko, bide-istripuak izateko, lan-istripu larrienak izateko, indarkeriaz hiltzeko eta abar. Gainera, gure potentzialitate eta gaitasunak garatzea oztopatzen du, ugalkortasun eta nahitasunekin lotutakoak, bereziki.

Zalantza izpirik gabe, berdintasunean interesik handiena emakumeek dute, beraiek baitira sexismoaren ondorio negatiboak gordinen pairatzen dituztenak. Baina berdintasunezko gizarte bat lortzeko interesa duten bakarrak ez dira: berdintasuna lortzeak pertsona guztiei eragiten die, emakumeei nahiz gizonei, eta denontzat izan daiteke onuragarri.

Zer berrikuntza dakar Gizonduz-ek?

Berdintasunerako bidean gizonak inplitzea beharrezkoa da; oro har, guztiok bat gatoz horrekin; hori nola gauzatu, ordea, ez dakigu oso ondo. Horrek argitzen du -neurri batean, bederen- nazioartean gobernuek ekimen sendorik ez edukitzea alor honetan. Horren haritik, Eusko Jaurlaritzak ekarpen aitzindaria egin dio alor honi: ekimenak balio erantsia du, bide-erakusle izan baita oso gutxi aztertutako alderdi batean; helburu espezifiko eta neurgarri batzuen inguruan eta garatu beharreko neurri zehatz batzuen inguruan egituratu du esku-hartzea; arduradunak ditu; egutegia ere badago; eta azkenik, adierazleak daude segimendua eta ebaluazioa egiteko.


Zer lortu nahi da ekimen honekin?

Berdintasunaren aldeko bidean gizonen masa kritiko bat lortzea gure erkidegoan. Horiek tradiziozko maskulinitatea zalantzan jarri beharko dute eta aukera-berdintasunera gehiago hurbiltzen diren ereduen alde egin beharko dute, beste gizon batzuentzat eta, bereziki, datozen belaunaldientzat erreferente izan daitezen. Luze gabe Euskadi Estatuan erreferente bihur dadin nahi dugu, gizonek etxeko lanetan eta zaintza-lanetan ematen duten denborari dagokionez eta berdintasunaren alde jendaurrean konprometitu diren eta alor honetako berariazko prestakuntza eta sentsibilizazio prozesuetan parte hartu duten gizon kopuruari dagokionez.

Zure ustez, lortuko al duzue?

Bai. Izan ere, erabateko konfiantza dugu ekimen honen atzean dagoen jendearengan eta irmoki uste dugu Euskadin gizon asko prest dagoela zailtasunez eta aldi berean ilusioz betetako bidaia honi ekiteko, alegia, askatasun, berdintasun eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako gizarte baterantz doan bidaiari.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 23a

 

Azken eguneratzea: 2008/04/21