|
Aitzol Aramaio Bengoetxea: "Dokumentalak berdintasunak merezi duela frogatzen du"

Aitzol Aramaio Bengoetxea, zinema-zuzendaria.
Hainbat film labur zuzendu ondoren, tartean oso saritua izan zen Terminal filma, joan den urtean bere lehenengo film luzea aurkeztu zuen, Un poco de chocolate, Unai Elorriagaren Un tranvía en SP eleberri ospetsuan oinarritutakoa. Aramaio izan da Gizonduz motxilak barruan dakarren Aitak dokumentalaren zuzendaria. Oso une berezian egindako lana izan da, zuzendaria oso laster aita izango baita.
Nola deskribatuko zenuke Aitak dokumentala?
Gizon batzuek beraien seme-alabekin dituzten esperientziei buruz hitz egiten erakustea zen helburua. Guraso eta lagunekin duten harremana edota umeak edukitzerakoan sentitutakoa ere azaldu dute. Asko harritu gaitu euren bihotza eta pentsamendua horrenbeste zabaldu izanak. Hunkituta agertzen dira, erdi negarrez... Ez dira superman-ak, baizik eta euren zalantzak, beldurrak eta alaitasunak erakusten dituzten pertsona normalak. Pelikulak doinu alaia dauka eta gizatasuna azpimarratzen du. Ez dugu doktrinarik ezarri nahi, baina oso aberasgarria izan daiteke.
Zer sentiarazi nahi diezu euskal aitei?
Lehenengo aldiz ikusi nuenean barre asko egin nuen. Jendea oso identifikatuta sentituko da. Gizonok ez dugu normalean gure alde ahula ateratzen, baina dokumentalean euren pozak eta ahultasunak agertzen dira. Gainera, aitatasuna gauza polit bat bezala erakusten da; aitek seme-alabak edukitzea merezi duela ikusiko dute. Zenbait pentsamolde ere aldatuko dituzte, pelikulak hainbat galdera sorraraziko dizkielako, bai eta euren alde sentikorra ukitu ere.
Zu aita izango zara. Ze eragin izan du zugan pelikula egiteak?
Konturatu naiz aita izatea ez dela hain zaila, eta jasoko dudana eman beharrekoa baino askoz gehiago izango dela. Ez daukat beldurrik, zoragarria izango baita. Pelikulak berdintasunaren aldeko bidea hartzea merezi duela frogatzen du. Hainbat gizonek nola jokatu eta sentitzen duten ikusteak inbidia puntu bat eman dit. Ulertzen duzu zenbat galduko duzun berdintasunaren alde egon ezean. Ez dut izan nahi etxera berandu heldu eta seme-alaba zein bikotearekin ia denborarik pasatzen ez duen aita. Oso arraroa sentituko nintzateke seme alabek amarekin harreman intimoagoa daukatela ikustean. Nik harreman estua izan nahi dut, umeek nirekin ere euren gauzak konpartitu dezaten. Gizonak badauzkagu joera kultural batzuk, baina jarrera berdinzaleagoa izaten saiatzearekin bakarrik asko lortuko dugu. Dokumentaleko gizonek, hobeto edo okerrago, pausu hori eman dute.
Gizonek euren sentipenak konpartitzeko eduki dezaketen beldurra desagerraraziko du?
Gauza askori buruz hitz egiteko aitzakia ederra izan daiteke. Aitak, taldean ikusteko pelikula ere da. Lagunen esparrutan mutilei ez zaie hainbeste galdetzen nola dauden edo nola sentitzen diren, eta gizonek badaukate gauza horiek kontatzeko beharra, nahiz eta heziketagatik batzuei gehiago kostatu. Bakarka ere ikusi behar da, sentimendu intimoei buruz hausnartzeko eta gure buruari hainbat galdera egiteko: nola izan da aitarekiko harremana, gure beldurrak semeari pasatzeko kezka...
Jarrera eredugarria izango al da beste gizonentzat pertsonaia ezagunak zaintza eta etxeko lanetan aritzen ikustea?
Jende ezagunak beti sortzen du interesa. Gainera, hain lanpetuta dabiltzan gizonek euren aitatasuna eta maskulinotasuna nola bizi duten erakusten du. Garrantzitsuena aitatasun eredu anitzak ezagutzera ematea da.
Nola bizi izan duzu hamaika gizonen sentipen intimoen lekuko izatea?
Lan talde osoarekin benetan gustura egon gara. Azpimarratu behar dut Ritxar Bacete eta Josetxu Riviereren [gidoilariak eta ekoizleak] lan bikaina. Elkarrizketak grabatzerakoan, batzuetan isilik eta hunkituta geratu naiz, baina beste batzuetan monitoreak urrundu behar izan ditut nire barrea entzun ez zedin. Gizonak hitz egiteko prest etorri ziren eta hedatu nahi zituzten hausnarketak pentsatuta zekartzaten. Bacetek egiten zituen galderek pisu handia izan zuten, gizonak oso harrituta geratu baitziren. Zenbait gairi buruz ez zuten inoiz ezer pentsatu edo hausnartu, eta berezko aitorpenak egin behar izan zituzten. Erantzun horiek izan dira indartsu eta egiazkoenak.
|