Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz

Zipriztintzen. Ermuko gizon talde profeminista eta antisexista Kokotaraino gaude gu pelikulako zintzotzat hartzearekin

ZipristintzenNoiz eta nola sortu zen Ermuan gizon talde bat sortzeko ekimena?

Beti esaten dugu berdintasunaren aldeko gizon taldea sortzea Ermuko emakume batzuen ideia izan zela. Zipriztintzen hiru eragilek bat egindakoan sortu zen: lehenengoa, Emakumearen Etxean pentsatu zuten Ermuan bazirela gizonak berdintasunaren aldeko borrokan era aktiboan engaia zitezkeenak eta “Gure maskulinitate eta sexualitate ez opresiboak” izeneko ikastaro bat antolatu zuten. Ikastaroa Ibon Arrizabalagak eman zuen; eta horixe da bigarren eragilea, Ibon. Bere profesionaltasuna eta bere irudia erabakigarriak izan ziren, zalantzarik gabe, Zipriztintzenen sorreran; eta hirugarrena eta azkena gure meritua da, gai izan ginelako Ibonek hasitakoari, eta asko izan zen, jarraipena ematen. Talde gisa 2008an sortu ginen.

Zein dira zuen helburuak?

Sakoneko helburua da gizarte justu eta berdintasunezkoaren alde lan egitea da. Epe motzeko helburu xumeak: Ermuko gizonak kontzientziatzea eta ikusaraztea, eta bereziki gizon gazteei, badirela gizon izateko erak eredu tradizionaletik urruntzen direnak. Euskaraz duen adierari jarraituz, Ermuko gizonak berdintasunez zipriztindu eta busti nahi ditugu.

Berdintasunaren aldeko gizonak zarete, feministak, maskulinistak…

Gure dekalogoan gure burua gizon profeministatzat eta antisexistatzat hartzen dugu. Dekalogoak hiru urte eskas ditu eta berrikusteko garaia iritsi da; izan ere, denbora batetik hona bai indibidualki bai talde moduan feministatzat har ote gaitezkeen galdetzen diogu gure buruari. Feminismoa gizartearekin kritikoa den teoriatzat hartzen badugu, zergatik ez definitu gure burua feminista gisa, eta ez profeministak. Egun galdera horrentzat ez dugu erantzun egokirik, baina horretan gaude.

Zein ekintza egin dituzuen orain arte?

Asko. Aitatasunari buruzko jardunaldiak, 20 pertsona baino gehiago joan ziren eta erabateko arrakasta izan zuten. Emakumeenganako indarkeriaren aurkako salaketa kanpainak egin ditugu, indarkeria matxistari buruzko tailerrak, gizonen genero arazoei buruzkoak ere bai; 2009ko abenduan “En busca de espacios comunes” izeneko gizon eta emakumeen arteko topaketak antolatu genituen eta Hego Euskal Herriko 40 pertsona baino gehiago bertaratu ziren. Denbora batetik hona Ermuko hezkuntza zentruetan hainbat hitzaldi eman ditugu, gure bizipen pertsonal eta taldekoak kontatuz. Gutxi gora-behera hiru hilean behin Ermuko gizon talde batekin biltzen gara, talde sateliteak deitzen diegu, Zipriztintzeneko egituran parte hartzen ez badute ere, antolatzen ditugun ekintza guztietan beti parte hartzen dutelako. Oso garrantzitsuak dira eta beraiek gabe dena askoz ere zailagoa izango litzateke. Herriko gizarte eta kultur taldeekin ere biltzen gara zer egiten dugun, zer nahi dugun eta nola jardungo dugun azaltzeko. Hau guztia herri mailan.

EH Gizon Sarea Koordinadorak antolatutako ekintzetan parte hartu dugu. Baita beste herrietan, adibidez Leioan edo Berrizen, berdintasunaren aldeko gizon taldeak sortzen laguntzeko hainbat ekitalditan ere.

Koordinatzen al zarete edo ba al duzue harremanik Euskadin dauden beste gizon taldeekin?

Bai, ezagutzen ditugun talde guztiak harremanetan gaude, era batera edo bestera, Gizon Sarea Koordinatzailearekin. Nahiz eta bestelako arrazoiengatik azkenaldian 5 gizon elkartzen garen, gure ahalegina herri mailan egitea erabaki dugu.

Zer nolako harrera egiten diote herriko gizonek herrian antolatutako ekintzei?

Orain arte antolatutako ekintza guztiek oso harrera ona izan dute, izan ere gaur egun ez da batere erraza 24 gizon batzea astegun batean arratsaldeko 7etan beraien aitatasuna nola bizi duten kontatzeko.

Zuen ustez, zer nolakoa da zuen mezua hoberen onartzen duen gizona?

Ez dago gure mezua hoberen hartzen duen edo antolatzen ditugun ekintzetan parte hartzen duen gizonen perfil jakinik. Hala ere, egia da gizon gazteen parte hartzea somatzen dela.

Zer nolako planak dituzue etorkizunerako?

Gure etorkizunerako planak oso argi zehaztutak daude, eta nolabait esan Zipriztintzen osatzen dugun gizonak gutxi izateak mugatuta daude. Etorkizuneko zereginek bi ardatz nagusi dituzte: barne heziketa eta ekintza soziala; eta epe luzeagorako herrian antolatuta dauden emakume feministekin elkarlana.

Zer nolako harremana duzue herriko emakume talde eta elkarteekin?

Harremana ona da. Bileraren bat ere izan dugu, oso positiboa, Ermuako Emakumeen Asanbladarekin. Zer ikasi ugari dugu 80. hamarkadatik egiten ari diren lan bikainetik.

Partekatzea gustatuko litzaizueken anekdotaren bat?

Ez daukagu anekdota adierazgarririk kontatzeko, baina esan dezakegu kokoteraino gaudela gu pelikulako ontzat hartzearekin (gizon moderatuak, berdintasunezko gizarte baten alde era zentzuzkoan borroka egiten dutenak, “dena nahi duten emakume erradikal horiek” ez bezala); kokoteraino gaude “gizon txolloak” garela esatearekin, etxeko lanetan ere parte hartzen dugulako, edo oso ausartak garela esatearekin, emakumeenganako indarkeria jendaurrean salatzen dugulako. Aspertuta gaude, oso zabaldua dagoen ustea gezurra delako: erradikalak gara, hitzaren zentzu etimologikoan, ez gara inoren “txolloak”, berdintasunaren alde dauden pertsonak gara, eta ez gara ausartak, ez behintzat gizarte zuzenago baten alde bizi guztia borrokan daramaten emakume asko baino ausartago.