
“Ez da ezer aldatuko gizonak ez badira inplikatzen. Ezin da aldaketa estrukturalik egin biztanleen % 50i bizkar emanda”
1. Zer egiten du gizon batek abokatu gisa lan egiten Deusto-San Inazioko Modulu Psikosozialeko Emakumearen Zerbitzuan?
Kasualitatez iritsi nintzen Modulora, 1982an, auzo elkarteek indarra zutenean. Horietako elkarte batean militatzen nuen, eta eskatu zidaten lagundu nezala Moduluan, baina ez soilik “emakume” gaietan, alor guztietan baizik, baita erakundearen aholkulari gisa ere. Garai hartan, gaur egun ez bezala, ez zegoen diru laguntzarik, militantzia doan izaten zen eta Moduluan parte hartzea militantzia horren zati gisa hartu nuen. Denborarekin, egoera egonkortu egin zen.
2. Zer lan eta zerbitzu eskaintzen dira Modulu Psikosozialetik? Zer nolako taldea dago?
Behar sozialetako hutsuneak betetzeko sortu ziren moduluak, erakundeek ez baitzieten arretarik jartzen. Beraz, eremu marginalak okupatzen zituzten (eta hala jarraitzen dute egiten). Administrazioek, nahi ez dutelako edo ezin dutelako, jaramonik egiten ez dieten eremuez arduratzen da, esate baterako droga mendekotasunak, kontrazepzioa, aholkularitza juridikoa eta abar. Denborarekin, erakunde publikoak gure lana aitortuz joan dira eta ekintzetarako diru laguntzak eman dituzte.
3. Duela zenbait urte hasita, jardunaldiak antolatzen dituzue gizonak eta berdintasunari buruzko hausnarketa gai nagusitzat hartuta. Zergatik horrenbesteko interesa maskulinitateei buruz hausnartzeko eta gizonak inplikatzeko?
Berdintasunaren alorra “emakumeen arazo” gisa planteatu izan da, eta aurre egiteko ardura emakumeei eman izan zaie. Moduluan, berriz, sentsibilizazio ekintzak egiten ditugu hainbat kolektiborentzat (irakasleak, nerabeak eta abar), baina lehentasunezkoa iruditzen zaigu gizonak inplikatzea, hau bezalako arazo estruktural bati ezin dioguluko biztanleen % 50 kontuan hartu gabe aurre egin.
Gure lanaren zati handi bat militantzia pertsonala, konpromisoa eta borondatea da. Ni gizona izateak, gure lanean sentsibilizazio ekintzak egiteak, “berdintasunaren aldeko gizon talde” batean militatzeak eta erakundeen babesa izateak baldintzatzen dute gure lan ildoa. Gure ustez aitzindaria da lan ildo hori, agian alor honetan gizonak motibatzea zaila delako edo gizonei zuzendutako ekimen instituzionalak falta direlako.
4. Emakumeen aurkako indarkeria esan ohi da emakumeek pairatzen duten gizonen arazo bat dela. Ados zaude?
Indarkeria estrukturala da; beraz, ez da sexu bakar baten ondarea, nahiz eta soilik gizonek (batzuek) praktikatu modu sistematikoan. Indarkeriak botere harreman asimetrikoan du jatorria, eta gauzatu egiten da gauzatzeko aukera eta ahalmena ematen duten egoerekin lotuta. Normalean, egoera horiek jabetza edo gutxienez menderatze sentimenduekin lotuta egon ohi dira. Guztiok gara berdintasunean heztearen arduradun eta denok pairatzen dugu indarkeria, nahiz eta pertsona zehatz baten gainean (normalean emakume baten gainean) erori indarkeri hori. Gizarteak, osotasunean, desberdintasuna saihesteko bitartekoak jarri behar ditu, izan ere horixe da indarkeria sexistaren oinarria. Hezkuntza eta sentsibilizazio politikak behar dira emakumeen enpoderamendua eta koerantzukizuna bultzatzeko alor guztietan.
5. Zure ustez, zein egiteko izan behar dute gizonek emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokan?
Ez da ezer aldatuko gizonak ez badira inplikatzen. Ezin da aldaketa estrukturalik egin biztanleen % 50i bizkarra emanda, ezta gainerako % 50 —emakumeak¬— aldaketa horren alde egonda ere, eta badakigu hori ez dela gertatzen modu aktiboan behinik behin.
Bestalde, zaila da gizonek oro har berdintasunaren aldeko borrokan rol aktibo bat izaterik lortzea, baina adostasun orokorra dago indarkeria errefusatzeko, eta hori ez zen gertatzen duela urte batzuk.
Beste alde batetik, ezin dugu ahaztu berdintasunaren aldeko taldeen sorrera batzuetan ezkutuan uzten dutela euren pribilegioen alde edo indarkeria justifikatzen diharduten gizonen elkarte edo mugimenduek. Arazoaren intoxikazioa soilik dute helburu emakumeen indarkeria, salaketa faltsuak, guraso-alienazioaren sindromea eta abar daudela adierazten duten kanpainek. Batzuetan, ez delako egia adierazten dutena eta beste batzuetan orokortu egin nahi dituztelako salbuezpenezko egoerak, salbuespenezko egoera horiek tratu txarren arazo orokorra justifikatuko balute bezala.
6. Nola baloratzen duzu gizonei berariaz zuzendutako berdintasunerako politika publikoak egotea?
Kontuan hartu behar dugu politika horiek ia-ia ez direla existitu ere egiten. Dena den, txalogarria da erakundeen ahalegina “Gizonduz” bezalako ekimenetan edo gobernu zentralak abian jarri duen “Txartel gorria tratu txarrak ematen dituztenei” modukoetan, baina zaila da epe laburrean aldaketa garrantzitsuak ikustea. Sentsibilizazio politikak errotzen doaz, baina zaila da gizonen kolektiboan berdintasunaren aldeko jarrera aktiboak antzematea.
7. Simone de Beauvoir-ek zioenez, “pertsonala politikoa da”. Gizonak berdintasunaren alde jar daitezen, aldaketa pertsonalak gertatu behar dira?
Hain zuzen ere, berdintasunaren aldeko gizon taldeak “pertsonala” barrutik lantzen saiatzen gara, norberaren jarrera aldaketarik gabe ezin baita kontzientzia kolektiboa aldatu. Balio maskulinoak beti indarkeriarekin, menderatzearekin eta seguratsunarekin lotu dira, eta hainbat arlotan portaera horiek gaitzestea homosexualitatearekin lotzen da. Horrek zaildu egiten du gizonok beste balio batzuk geureganatzea, inork ez baitu gustuko “artaldetik kanpo” geratzea sexu orientazioa edozein izanda ere.
Ez badugu lantzen, batez ere hezkuntza arloan, indarkeriarik gabeko eta gizon eta emakume guztienganako errespetuzko maskulinitate ereduen balioa, ezer gutxi aldatuko da.
8. Gure gizartean berdintasun maila handiagoak lortzeari buruz, baikorra zara? ala ezkorra?
Ezin da ukatu berdintasun kontuetan gizartea aurrerantz doala. Aurrerapen nabarmena da tratu txarrak gaitzestea orokortu egin dela. Kargu publikoetarako berdintasunerako edo tratu txarrak erreprimitzeko legeak ateratzea beharrezko urratsak dira. Dena den, lege horiek egote hutsak esan nahi du berdintasunik ez dagoela, izan ere, berdintasuna soilik egongo da ez dagoenean kargu publikoak derrigortu beharrik zerrenda paritarioak egin ditzaten edo emakumea babesteko epaitegi edo erakunde berezirik ez denean behar.