Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz

 

Patxi Pérez Goñi:"Tradizioak irauteko eguneratu behar dira; bestela inposaketak bilakatzen dira”                 

 

Patxi Pérez Goñi, Irungo Alarde mixtoaren kidea

 

Patxi Pérez Goñik kargu garrantzitsu bat zeukan Irungo Alarde Tradizionalean, txirulito kaboa baitzen. Hala ere, Alarde mixtora aldatzea erabaki zuen, emakumeek jaiean gizonen egoera berdinean -eta ez bakarrik kantinera moduan- parte hartzeko eskubidea daukatela ulertu ondoren. Bere esanetan, Alarde mixtoan desfilatzea gizon bezala berdintasunaren aldeko bere konpromezua publikoki adierazteko modu bat da. Irungo eta Hondarribiako Alardeak adierazpen matxista eta homofoboen erdigune bihurtu dira, urtero desfile tradizionalekoak mixtokoei egiten dieten jazarpena dela eta. Baina, batez ere, Alarde mixtoan parte hartzen duten emakumeak eta baita euren alboan geratzen diren gizonek ere diskriminazioaren aurkako sinbolo bilakatu dira. Pérez Goñiren bilakaerak eta pentsamoldeak -ohiturak mantendu daitezkeela eskubideak ukatu gabe- etorkizunean bizilagunen artean tolerantzia posible izango delaren itxaropena pizten du.

Nola erabaki zenuen Alarde mixtora aldatzea?

Berandu erabaki nuen, Alarde mixtoa jaio eta hamar urtera. Eragin handia dauka mixtoan desfilatzen duen norbait izatea zeure inguruan. Alarde tradizionalean esaten da mixtokoek jaia oztopatzea baino ez dutela nahi. Ez da egia; ezagutzen ditudan emakume gehienek txikitatik Alardean parte hartu nahi zuten, bere aitak ikusten zituztenean. Ez zuten itxaron nahi noiz tokatuko zitzaien kantinera izatea, loteria hutsa baita. Urte askotan bere gogoak erreprimitu behar izan dituzte. Beste emakume askok, ordea, ez dute desio hori, baina parte hartu nahi duten emakumeak errespetatu behar dituzte eta euren alde egin.

Nola lortu ohitura eta berdintasunaren artean oreka bat?

Nire ustez, Alarde mixtoak ere tradizioa defendatzen du. Zer esan nahi du tradizionalista izateak? Nik besteak bezain tradizionalistatzat jotzen dut nire burua. Alarde tradizionala deitutakoak ere gatazka hasi zenetik hainbat gauza aldatu edo gehitu ditu. Tradizioek denboran irauten dute eguneratzen baldin badira. Bestela, inposizio bilakatzen dira.

Gatazkak urtean zehar elkarbizitza oztopatzen al du?

Nik ez ditut eraso gogorrenak pairatu, berandu batu bainintzen Alarde mixtora. Baina jaietan agurtzen ez zaituen eta urtean zehar ezer gertatu ez balitz hitz egiten zaituen jendea ezagutzen dut.

Herriko gatazka da edo euskal gizarteak badauka zer esanik?

Gizarte osoari dagokigu. Normala da bakarrik gertuen daukagun arazoez arduratzea, eta albokoen gatazkei arreta handirik ez jartzea. Horregatik, erakundeak dira arazo hauei irtenbidea bilatu behar dietenak. Euren aldetik jarrera hartze argiago bat faltan botatzen dut. Arartekoak bidezkoa ez den jarrera bat antzematen badu, kasu honetan herriko jaietan, erakundeek hori berriro ez gertatzea bermatu behar dute.

Ze neurri bultzatu daitezke jasankortasuna eta berdintasunaren aldeko jarrerak hedatzeko?

Lehenengo pausua alde orotan bi Alardeak aintzat hartzea da. Bi Alardeen artean errespetua baldin badago, bata eta bestearen artean ulermena haziko da eta agian etorkizunean Alarde bakar bat egotea posible izango da.
Zein da gazteen jarrera?

Helduen eragin handia daukate, jarrera bat hartzera behartzen baituzte eta ez diete euren irizpidea garatzen uzten. Familiarteko jaia da, eta normaltzat hartzen da gazteek etxekoek bezala pentsatzea.

Alarde mixtoan parte hartzea gizonen berdintasunaren aldeko konpromezuaren eredua da?

Jakina. Nik ezin dut ulertu bizitzako beste alderdietan konpromezua erakustea eta honetan ez. Alarde mixtoaren kontra egotea matxismo kontua ez dela defendatzen dutenek, hiztegia begiratu dezatela.

Emakume bat jeneral izendatu duzue lehendabiziz

Erabaki natural bat izan da, beste jeneralen kasuan bezala. Pertsona horrek urte asko daramatza Alardean parte hartzen eta ardura postu askotan egon ondoren, kargu horretan egotearen garaia heldu zaio. Ez dugu emakumea izateagatik aukeratu eta ezta albistea bilatzeagatik ere.