Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz
Paco Abril-i elkarrizketa


“Zaintzak ez du prestigiorik, besteak beste, ez dagoelako ekonomikoki zenbatuta”

Estatuan, bi kideek etxetik kanpo lan egiten duten bikoteen %10ek bakarrik partekatzen dituzte berdintasunez seme-alaben zaintza eta etxeko lanak. Gironako Unibertsitatean genero eta maskulinitate gaiak ikertzen dituen Paco Abril soziologoaren arabera, gizonen parte-hartzea “oso baxua” da. Hala ere, azken urteetan joera aldaketa bat antzeman du: motel bada ere, etxeko eta zaintza lanetan gizonek duten parte-hartzea handitzen ari da.

Nolakoak dira etxeko eta zaintza lanetan parte hartzen duten gizonak?

Denboraren erabilerari buruzko azterlan batean oinarrituta, gizon horien hiru soslai definitu ditugu, lanotan duten inplikazioaren arabera. Alde batetik, maskulinitate hegemoniko edo tradizionala ordezkatzen duten gizonak daude; oraindik lan produktiboan jartzen dute arreta guztia, eta etxeko zein zaintza lanetan parte-hartze eskasa dute. Beste alde batetik, gero eta gizon negoziatzaile gehiago dago: gazteak dira, eta haien bikoteetan biek egiten dute lan; hain justu, emakumeek etxetik kanpo lan egiten dutela eta, gizonen parte-hartzea handitzea dakarten akordioak ezartzen dituzte. Hala ere, gizon horiek ez dira erabat parekideak, haien parte-hartzea dagokiena baino txikiagoa delako, etxeko lanetan batik bat; nire ustez, lan erreproduktiboak eta batez ere jarduera batzuk emakumeek egin behar dituztela dioten balore sozialekin lotuta dago hori. Denboraren kalitatean ere desberdintasunak daude.

Azkenik, gutxiengoa osatzen duten hirugarren talde bat dago (gizonezkoen %2 eta 5 artean), eredu hegemoniko eta tradizionalari uko egiten diona. Gizon horiek askoz garrantzi handiagoa ematen diote zaintzari eta erreprodukzio lanei, eta ez euren ibilbide profesional edo produktiboari, haien bizitzaren aldi batean behintzat. Eta talde horren barruan hainbat soslai daude: bikotekideek lan hobeak dituztenez lan horiek euren gain hartzea erabakitzen duten gizonak, administrazio publikoan lan egiten duten gizonak (sektore pribatuan lan egiten dituzten bikotekideek baino erraztasun gehiago dituzte lan esparrua eta bizitza pertsonala bateratzeko), edota aitatasuna modu aktiboan bizitzea erabakitzen duten gizonak; aurretik aipatutako faktoreez gain, seme-alabei denbora eskaini nahi diete, eta haien lan ordutegia borondatez murrizten dute. Azken hori da rol parekideena.

Zein faktorek eragiten dute gizonek kontzientzia hartzea?

Hainbat daude. Alde batetik, legediak aldaketa eragin dezake. Europako iparraldeko herrialdeetan, adibidez, aspaldi jarri zituzten martxan gizonentzako aitatasun baimenak, eta konturatu dira horrek gizonen eta seme-alaben zaintzaren arteko lotura estutu duela, eta beraz, esparru erreproduktiboarekiko lotura ere handiagoa dela. Bestalde, krisi pertsonaletako faktoreak ere badaude: gizon batzuek, bikotekideekiko banaketen, osasun arazoen edo ezustean heldutako bestelako aldaketen ondorioz, haien bizimodua eta lehentasunak berraztertzen dituzte. Aitatasuna ere aldaketarako une garrantzitsua da, lehenengo haurrarekin batik bat. Eta azkenik, ideia feministekiko harremana ere kontuan hartu beharreko faktore bat da; gizon parekideenek harreman hori izan dute, haien bikotekideak feministak izan direlako, edo gaia ikertu dutelako.

Zein garrantzi du nortasun maskulinoa lanarekin hain lotuta egoteak?

Maskulinitatea eraikitzeko prozesuan, lana oso puntu garrantzitsua da gizonen bizitzan. Izan ere, gizonek lana galtzeak (langabezian daudenean edo erretiratzen direnean), baloreak berraztertzeko krisi une garrantzitsua ekarri ohi du. Gure azterlanen arabera, erretiroa hartutako gizonek, lanari atxikitako nortasunarekiko lotura galtzean, nabarmen aldatzen dituzte, agian ez baloreak, baina bai haien jarduerak. Parekideago bihurtzen dira, bere buruei eta osasunari denbora gehiago eskaintzea pentsatzen dutelako; badira haien ilobak zaintzen ere hasten direnak, seme-alabekin halakorik egin ez duten arren. Beste gizon batzuek borondatez jartzen dute hori auzitan, esaterako, lanean ordu asko ematen badute eta estresaren ondorioz bizitza hori baino gehiago dela konturatzen badira; seme-alabak, bikotekidea, gurasoak eta abar zaintzeak duen garrantziaz ohartzen dira. Baina ez da gizon gehienekin gertatzen, oso barneratuta dugulako lan egin ezean bizitzan porrot egingo dugula, edo etxetik kanpo lan egitea eta dirua irabaztea familia zaintzeko modu bat dela. Presio handia dago ildo horretan.

Gizonek eta emakumeek era desberdinean kudeatzen dute denbora. Nola eragiten dio honek zaintzari?

Oro har, gizonen denborak alor produktiboan jartzen du erdigunea neurri handi batean, kanpora begira, esparru publikoan, lanean ez ezik, beste hainbat  arlotan ere: kalean, kirolean… Emakumeek, aldiz, lanaldi bikoitza deiturikoa dute: lan erreproduktiboa egiten jarraitzen dute, eta gainera, orain lan produktiboa ere egiten dute. Gizonek alderdi produktiboa bakarrik hartzen dute bere gain, eta ez dira ia erreproduktiboaz arduratzen; beraz, lasaiago bizi dira, eta denbora gehiago dute aisialdirako edo bere buruarentzat. Arazoa da ez dagoela justiziarik lan erreproduktiboari dagokionez, egin beharreko lana baita, baina ez da banatu; emakumeek lan horren ia %100 bere gain hartzen jarraitzen duteneko eredu zaharkituan jarraitzen dugu, eta gizartea aldatzean eta andreek lanaldi bikoitzean sartzean, gatazka sortzen da.

Gizonek, zaintzen dutenean ere, familiatik kanpoko denbora eta espazio pertsonala mantentzen dute. Badirudi ez dutela emakume zaintzaileek aisialdi tarte batez gozatzean daukaten erruduntasun sentimendu hori.

Gizonentzat askoz errazagoa da ateratzea, etxetik kanpo haien aisialdia eta harremanak izatea, haien rolak esparru publikora bideratuta egon direlako. Emakumeak, aldiz, mundu pribatuan bizi izan dira, etxean, eta hortik ateratzea zaila da; pentsamolde eta belaunaldi kontua da. Edonola ere, nire ustez, emakumeek landu egin behar dute hori, errudun ez sentitzeko, eta haien denbora pertsonala konkistatzeko.

Emakumeentzat zaintza eginbehar moral bat da, emanda datorrena. Zer da gizonentzat?

Gizonek ez dute presio moral hori, ez zaielako inoiz zaintzeko eskatu; izatez, guztiz kontrakoa gertatu da: lehen, zaintzen zuen gizona homosexualtzat jotzen zuten. Hori dela eta, gizonentzat zaintza borondatezkoagoa da, asetze pertsonalari lotuta dagoen zerbait: ‘zaintzen dut eta ondo sentitzen naiz, seme-alabei, bikotekideari eta nire buruari denbora eskaintzen diedalako’.

Hartara, ba al dago desberdintasunik seme-alabak zaintzearen eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzearen artean?

Bai. Seme-alaben zaintzan gizonen parte-hartzea baxua bada, are baxuagoa da adinekoen zaintzari dagokionez. Emakumeek egiten duten lana da. Hor argi ikusten da gizonek sentsibilizatu egin behar dutela, seme-alaben zaintzaren arloan ez ezik, adinekoen, bere buruaren, ingurumenaren... zaintzari dagokionez ere bai.

Nolakoa da zaintza horien kalitatea? Inplikatzen diren gizonek, etxeko eta zaintza lanak antolatzeko urratsa eman dute, ala laguntzera mugatzen dira?

Negoziatzailearen soslaia duten gizon askoren pentsamoldea parte-hartzean edo laguntzean datza, %50ean inplikatzean baino gehiago. Eta ez da soilik etxeko lanetan edo zaintzan ematen duten denboraren bidez zenbatzen, egiten duten lan moldean ere antzematen da: gizonek gehiago parte hartzen dute sukaldean, baina gutxiago garbiketan, horrek emakumeen esku egoten jarraitzen du. Seme-alaben zaintzan ere agerikoa da: andreak oinarrizko zaintzez arduratzen dira (elikatu, bainatu, jantzi, erosi...), eta gizonak kalitatezko zaintzak ari dira bere gain hartzen batik bat, hala nola, ipuin bat irakurtzea, jolastea, pasieran ibiltzea, edota askoz aberasgarriagoak diren beste jarduera batzuk.

Zein dira gizon zaintzaileen fase psikologikoak?

Maskulinitate hegemonikotik eredu parekideago batera igarotzen direnean, barne eta kanpo faktore jakin batzuek eragina dute gizonengan. Pasatzen duten faseetako bat bakardade sentimenduan datza; aitzindari bakarti deitzen diegu, batzuetan gizon batek bere enpresan lanaldi murrizketa bat edota edoskitze orduak eskatzen dituen lehenbiziko aldia delako. Esparru sozialean ere, parkera joan eta bertan dauden gehienak emakumezkoak direla ohartzen direnean, bakartuta sentitzen dira. Ondoren, euren ekintzak justifikatzeko fasera igarotzen dira: 'Hau egiten dut beharrezkoa delako, eta gizonek konpromisoa hartu behar dugulako'.

Lan arloak erresistentzia gune bat izaten jarraitzen al du?

Esparru publikoa ez hainbeste, funtzionarioek eskubide jakin batzuk dituztelako, baina esparru pribatuan bai, erresistentzia asko daude. Gizon asko ez dira eskatzera ausartzen, eta zuzendaritza postuetan dauden gizon askok gaizki ikusten dute besteek aitatasun baimen bat eskatzea, badirudielako haien lanbidea ez zaiela interesatzen. Handicap bat da, emakumeek ere badutena, baina emakumeen artean errazago onartzen dena. Nire ustez, hau oso pixkanaka aldatzen ari da, baina oraindik hala da: gizon batek zaintzarako baimena eskatzea ez dago ondo ikusita, eta zaintasunak izan ditzake, baita burlak ere.

Ikuspegi patriarkaletik antolatuta dagoen eta zaintza baloratzen ez duen lan egiturari erantzuten al dio horrek?

Bai, enpresek dirua irabazteko funtzionatzen dute oraindik, pertsonak kontuan hartu gabe. Eta ikuspegi okerra da, langileek bizitza pertsonala eta lan esparrua oreka dezaten errazten duten enpresetan egin diren ikerlanetan, asetze pertsonal eta produkzio handiagoak daudela antzeman dutelako. Hau da, horrelako politikak egotea ona da. Era berean, zuzendaritza postuetan emakume gehiago dituzten edota joera sexualen alorrean aniztasun handiagoa duten enpresek hobeto funtzionatzen dute. Baina eskema patriarkal eta hierarkiko hori darabilten enpresariek ez dute ulertzen bidea ildo horretan doala. Are gehiago, egungo krisi egoeran, soldatak jaistea proposatzen denean, zergatik ez dugu aztertzen lan orduak murriztea? Horrek pertsonen eta gizartearen bizi kalitatea hobetuko luke. Oraindik modernitate eta ausiardia gutxiko ikuspegitik pentsatzen dugu.

Hartara, gizonek erantzukidetasuneranzko urratsa egin dezaten, zaintzari balio handiagoa eman behar al zaio, ondasun publikoa eta bizi-jarrera den aldetik?

Bai. Zaintzak ez du prestigiorik, besteak beste, ez dagoelako ekonomikoki zenbatuta. Baina zaintzea ona da, horren beharra duen pertsona zaintzea ez ezik, gizaki gisara ere indartzen zaituelako. Hortaz, zaintzari balio ekonomikoa eta soziala eman behar zaio. Eta gizonek bere burua zaintzetik hasi behar dute. Osasunari dagokionez, adibidez, harrigarria da: gizon asko ez dira medikuarengana joaten, ez dituzte gaixotasunak prebenitzen, arrisku jokabide ugari dituzte, emakumeek baino droga edo alhokol zaletasun gehiago... Bere burua zaintzen ez dakitelako edo hori egiten irakatsi ez zaielako gertatzen da. Hori dela eta, garrantzitsua da zaintzen hastea, eta agian norbere burutik hastea; izan ere, zure burua zaindu ezin baduzu, nekez izango zara beste norbait zaintzeko gai.