Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz

“Maskulinoak beste era batera izaten erakutsi behar die gizon helduek gazteei”

Mila Amurrioren argazkiaMila Amurrio Vélez, soziologoa

Mila Amurrio Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Soziologia Saileko irakaslea eta ikertzailea da. Hainbat ikasgai ematen ditu generoaren alorrean EHUk eskaintzen dituen bi titulazioetan: Berdintasunari buruzko Masterra eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra. Bilboko Udaleko Berdintasun Saileko arduradunak eskatuta, gazteen arteko harremanei eta genero-indarkeriari buruzko azterlan bat gidatu du. Doktoreak txosten horretan erakusten duenez, talde horrek ez du behar besteko baliabiderik indarkeria sexista antzeman, ulertu eta horri aurre egiteko.

Zer zeregin dute gizonek berdintasunaren aldeko borrokan?

Kontzientziarazteko eta ekintzarako, eta ondorioz, aldaketa eta eraldaketarako gizarte-mugimendu bat abian jartzea, hain justu ere, pertsona guztien eguneroko bizitzara eta bereziki, ume, nerabe eta gizonengana iritsiko dena. Mezu nagusienak agerian utzi behar du rol maskulino tradizionalak, alegia, gizartean nagusi denak eta gizonek egunero baliatzen dutenak, mendekotasuna eta zapalkuntza dakartzala, emakumeekiko harremanetan ez ezik gizonen artekoetan ere bai.

Orain, berdintasunari buruzko diskurtsoa gero eta gehiago onartuta dagoela, zer eskatuko zenieke gizonei benetako berdintasunerako bidean aurrera egiteko?

Lehenik eta behin, hausnartzeko eskatuko nieke, guztiok bizileku dugun eta guztiok elkarrekin bizi behar dugun munduan nola dauden eta mundu horri nola begiratzen dioten ikus dezaten. Pentsatu nahi dut hausnarketa horri esker, maskulinotasunaren kontzeptu tradizionala ezbaian jarriko dutela. Gizonen arteko harremanetan ere mendekotasuna dago, gizon batzuk beste gizon batzuen esanetara geratzen dira. Hori esaten dudanean nire bost urteko semea dut gogoan. Ikasi berri du bera bezalako mutikoek guztia borroka eginez konpontzen dutela, eta noski, borroka irabaziz. Uste dut beharrezkoa dela beste harreman batzuk ezartzea, beste balore batzuetan oinarrituta: hastapen maskulinoko beste errito batzuk behar dira mutilentzat, gizon helduek maskulinoak izateko beste modu bat erakuts diezaien mutikoei eta gazteei. Lehiakortasuna eta aurkaritasuna gainditu beharreko baloreak dira, eta horien ordez, beste batzuk geureganatu behar ditugu: solidaritatea, parekoen arteko komunikazioa, lankidetza, eta jakina, sentimenduak, maitasuna. Balore horiek aldatuz gero, emakumeekiko harremanak beste modu batekoak izango lirateke. Nire iritziz, jokaera eta erantzukizunak hartzeari dagokionez ere bai.

Zer iritzi duzu berdintasunaren aldeko gizonen mugimenduaz eta izan duen bilakaeraz?

Uste dut zailtasunak dituela “askapenerako gizarte mugimendu”tzat antolatzeko, hori izatea lortu behar duela uste dut-eta. Beraz, urrunduta ikusten dut gizonen eta emakumeen eguneroko bizimodutik. Baina ulertzekoa ere bada, kontuan hartzen badugu jatorria eta oraingoz bide laburra egin duela.

Dituzten planteamendu, ekintza eta antolatzeko moduari dagokienez, zerk erakartzen zaitu gehien?

Hainbat motatako erakundek edo emakume-talde feministek bideratutako topagune-foroak, dituzten hausnarketak edo azken ekimen sinbolikoak gizarteratzea ahalbidetu baitute. Hasiera garrantzitsua da, “askapenerako gizarte-mugimendu” benetako bat garatzearen aldeko herri-iritzia sustatzen duten aldetik.

Zure ustez, nolakoa behar du feministen eta berdintasunaren aldeko gizonen arteko harremanak?

Lankidetza-harremana behar du izan. Feministok eredu femenino hegemonikoa desegin dugu eta neskatilei eta emakume gazteei beste eredu batzuk eskaintzea lortu dugu. Eredu hegemoniko femeninoak indarra galdu du beste eredu batzuekin talka egitean, baina oraindik ere oso indartsu dago. Garrantzi horrek, niri iritziz, lotura handia du eredu maskulino tradizionalaren hegemoniarekin: beharrezkoa da desegitea eta ahultzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako harremanak ezarri ahal izateko.

Komeni al da espazioak partekatzea ala oraingoz hobeto da emakumeek eta gizonek bananduta lan egitea?

Bi mugimenduen arteko harremanak lankidetzan oinarrituta badaude, espazioa partekatzerik badago. Baina mugimendu batak zein besteak bere espazio propioa behar du.

Arduratzen al zaitu azaleratzen ari den gizonen mugimenduak mugimendu feministari itzal egiteak?

Ez dut uste hori gertatuko denik; ez nau bat ere arduratzen. Azaleratzen ari den mugimendua da, hain justu ere, eta bide luzea du oraindik. Mugimendu bat ez da finkatzen mugimendutzat izendatzeagatik soilik.

Feminismoak hitz madarikatua izaten jarraitzen du. Nola konbentzitu gizonak emekeriaz parekatu ez dezaten, mehatxatuak sentitu ez daitezen?

Gizonak bakarrik? Emakume asko feminista dira jakin gabe ere, eta hala ere, feministatzat jotzea errefusatzen dute. Emakume askok ere uko egiten diote feminismoari. Zergatik? Botereak feminismoaren irudi desitxuratua zabaldu duelako eta feminismoa zer den jakin dezaten eragozten edo oztopatzen duelako. Azken batean, boterearen estrategia bat da, espazio instituzional, formal eta informaletan lausotua dagoena eta aldaketari arrakastaz aurre egiten diona.

Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egiteak zer ekar diezaioke gizonezko bati?

Hausnarketa egiteko ohiturak eta baliabide teorikoak, norberari buruz pentsatzeko eta munduan nola gauden ikusteko.