Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz

Miguel Lorente Acosta: Indarkeriari aurre egiteak gizona izatea zer denari  buruzko erreferentzia berriak eskatzen ditu

                 

Miguel Lorente Acosta, Espainiar Gobernuko Genero Indarkeriarako ordezkaria

 

Miguel Lorente emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan itzal handienetakoa duen pertsona da. Bibiana Aido Berdintasunerako Ministroak genero indarkerirako ordezkaria gizona izendatu izana gertaera gogoangarria izan zen eta berdintasunaren alde dauden gizonen parte hartzea bultzatzeko Ministerioak dituen asmoak agerian utzi zituen. Lorentek indarkeriaren aurkako lanari egiten dion ekarpena forentse gisa duen formakuntzatik dator. Gainera orain dela gutxi Los hombres nuevos. Los miedos de siempre en tiempos de igualdad liburua argitaratu du, eta bertan egungo matxismoaren ezaugarriak azaltzen ditu.

Zer nolako azterketa egiten duzu Ministerioak sortu denetik bultzatu dituen gizonei zuzendutako neurriez?

Garrantzitsua eta berria da ministroak Parlamentuan bere programa azaltzeko egindako lehenengo agerralditik genero indarkeriari aurre hartzea ezinbestekoa dela mahaigaineratzea, eta hori gertatzeko maskulinotasuna berdintasun politiketan sartu behar dela azaltzea. Izan ere oraindik pentsatzen da berdintasunaz hitz egitea emakumeez hitz egitea dela. Nahiz eta helburua desberdintasun egoeretan dauden emakumeen baldintzak hobetzea izan, gizonak bat egiten duten politiketan sartzea ere bada. Era horretan aurrerapenei egin dakizkieken eragozpenak ekidingo dira eta berdintasunak berekin ekarriko du elkarbizitza eremu komuna.

 

Zein politika publiko marraz daitezke gizonen indarkeri jarrerei aurre hartzeko?

Berdintasun baloreak sartu behar dira, eta horrek esan nahi du indarkerizko jarrera eta portaera dakarten eta identitate maskulinoa eraikitzen duten hainbat eragileri uko egitea. Gogoratu behar da indarkeria ez da kolpea soilik, eta ez dela ezerezetik sortzen. Indarkeria emakumearengan boterea izatetik emakumea menderatu daitekeela pentsatzetik sortzen da. Botere hori daukazula ulertzen baduzu, indarkeria, nahiz kolpea nahiz iraina, erabiliko duzu baliabide egokiena dela iruditzen zaizun egoeretan. Ohitura horiei aurre egiteak gizona izatea zer denari  buruzko erreferentzia berriak eskatzen ditu eta jokabide kaltegarriak albora uztea. Oraindik ere gizona gizona dela esanez justifikatzen dira. Adibidez, futbolean sarrera bortitza gertatzen denean, gizonen kirola dela esanez argudiatzen da. Edo eraikuntza lanetan “jaso zementu zaku hori potrorik baduzu” moduko mezuak ematen direnean.

 

Kanpainen mezuak emakumeei zuzenduta daude, salaketa egin dezaten edo laguntza eska dezaten. Zein mezu zuzendu behar litzaieke gizonei?

Tolerantzia zero. Ez daitezela bat etorri, ez ditzatela justifikatu ez eta txikiagotu ere indarkerizko jokabideak. Ez ditzatela berenak bezala aurkeztu bikote gatazketan. Gatazkak hor daude; inork ez du ukatzen. Gauza ez da emakumeei arrazoia ematea eta gizonak deabruak bailiran aurkeztea, baizik eta arazoak ez direla indarkeriarekin konpondu behar azpimarratzea, bai aldiz era baketsuan, eta horrela ez bada posible, dagokion erakundera joanda. Beste era bateko arazoak gertatzen direnean, adibidez lan alorrean, epaitegietara edo sindikatuetara joaten da. Aldiz, emakumeen kasuan berehala indarkeria erabiltzen da, gizon baten jokaera hori dela pentsatzen delako, eta egoera horretatik  abantaila ateratzen delako. Gizon batek ez dizkio emakume bati txatu txarrak ematen harremana amaitzeko, baizik eta desberdintasun eredu horretan mantentzeko.

 

Nola lor daiteke indarkeria norberarena ez den eta isolatua den arazotzat daukaten gizonak engaiatzea?

Hitz gakoak informatzea eta arazoaz jabetzea dira. Arazoari aurre hartzeko neurriak aurkezterakoan, ez da nahikoa zertarako diren azaltzea, baizik eta zergatik mahaigaineratzen diren adieraztea. Desberdintasuna ez dela gizonen arazoa dioen ideia albo batera utzi behar da. CIS-eko erantzunen arabera, emakumeen %3,7k genero indarkeria bere kezken artean aipatzen du, gizonetan kezka %1,5 den artean. Hain arazo larria hain desberdin hautemateak adierazten du zerbait gaizki dagoela gizonen artean, eta ez da kontu biologikoa. Azaldu behar zaie ez dela nahikoa beraiek indarkeria ez erabiltzea beraien bikotekideekin, izan ere ukaezina da indarkeria gizartean dagoela. Ezin dugu jarrera pasiborik eduki errealitate horrekiko.

 

Zein izan daiteke gizon horiek indarkeriaren aurkako borrokari egin dakieken ekarpena?

Lehenengo urratsa da berdintasunari lotutako guztia hutsaltzat, txistetzat eta barregarritzat ez hartzea. Ardura izan behar dute indarkeriaren aurrean jarrera kaskarrik ez dadin egon. Ulertu behar dute berdintasunaren aldeko neurriak, hala nola berdintasun aktiboa –modu okerrean “diskriminzio positiboa” deitu izan zaiona- ez daudela gizonak izorratzeko pentsatuta. Berdintasunaren alde egiten den guztia gizonei kalte egiteko delako pentsamendua bazter dezatela. Elkarbizitza hobetzeko egindako ekimenak dira, zeinekin beraiek ere irabazian ateratzen baitira. Pentsa dezakete abantailaren bat galtzen dutela, baina gizona-erasotzailea eta emakumea-biktima rolak apurtzea onuragarria izango da beraientzat ere. Jarrera kritikoa eduki behar dute indarkeriarekiko. Jarrera aldatu duten, eta erasoak gelditzen ere parte hartu duten gizonak, adibidez Jesus Neira (kalean bere bikotekideari tratu txarrak ematen ari zen erasotzaile batek emandako jipoiaren ondoren koman egon zen gizona) garrantzitsuak dira, beste batzuek beraien bidea jarrai dezaten laguntzen dutelako.

 

Neira aipatzen duzu, mota horretako jokaerek gizartean izandako erantzunak paradoxa sortzen du: gizon horiek “heroitzat” hartzen dira, hain zuzen ere nagusi den maskulinitate ereduaren ikonotzat.

Egia da heroia patriarkatuaren irudi klasikoa izan dela. Baina irudi hori erabiltzeak badu zentzua, ohikoak ez diren eta liskartsuak diren jokaerak direlako. Neira edo Pablo Urtizberea (bikotekide ohiak Irunen hil zuen Yasmin emakumeari legundu nahi ziola, labankada jaso zuen gizona) gizonen heroitasun handia bere normaltasunean datza, beraiek ez dutelako beraien burua heroitzat hartzen, baizik eta azpimarratzen dute egin behar zutena egin zutela, eta berriro egingo luketela. Erreferente positiboak falta zaizkigu, horregatik da ona erasoak eragozteko era zuzenean aritu diren gizon horiei buruz ohartaraztea. Neiraren eta Urtizberearen moduko jokaerek gizonak arazora hurbiltzen eta gizarte arazotzat bezala hartzen laguntzen dute. Berdintasuna emakumeen kontua dela pentsatzen duten gizonen pasibotasunarekin hautsi behar da, baita “gaixoa, lagundu egin behar diogu” moduko jarrera paternalista eta errukiorrarekin ere. Agian heroitasun kontzeptuaren ordez “jarrera eredugarria” erabili beharko litzateke.

 

Oraindik ere zalantzan jartzen da genero indarkeria kontzeptua bestelako etxeko indarkeritik bereizten den fenomenoa dela. Nola eraiki daiteke gizarte adostasuna?

Ez da adostasun kontua, baizik eta kontzeptuaren esanahia ezagutzearena. Gauza bera gertatzen da norbaitek hepatitis eta hepatopatia bi gaixotasun desberdin direla zalantzan jartzen tematzen bada. Jendeak agertokia eta egoera desberdinak nahasten ditu. Agertoki berean, izan daiteke etxean, egoerek indarkeria moten arteko desberdintasuna ezar dezakete. Genero indarkeria bereizten duten egoerak gizonak emakumearengan duen boterezko jarreran dago, non emakumea ikusezin bihurtzen den eta erasoa gizartean justifikatzeak erraztu egiten duen. Hori horrela da. Beste gauza bat da emakumeak, boterezko egoera batetik, bere bikotekidearekiko antzeko indarkeria erabiltzea. Onartezina eta zigortzekoa da, baina ez du genero desberdintasunaren gehigarria, zeinak zigorra larriago bihurtzen duen erasotzailea gizona eta erasotua emakumea denean.

 

Zeri egozten diozu lesbiana bikote batean gertatutakoa genero indarkeria dela dioen epaia?

Dirudienez okerra gertatu da: epaiak etxeko indarkeria eta genero indarkeria kontzeptuak nahastu zituen, txandakatu egiten baitzituen. Espero dut epaiketan zehar argitzea.

 

Orain dela gutxi prentsan agertu zen  gizon batek bere bikotekide ohiaren senargaia hil zuela. Nola hartu behar dira genero indarkeriarekin zerikusia duten eraso horiek?

Genero indarkeriari buruzko nire lehenengo lanean, 80. hamarkadako amaierako urteetan, definitu zuen ezaugarri nagusienetako izan zen zabalduta dagoen indarkeria dela. Bereziki seme-alaben aurka zuzenduta dago, indarkerizko ingurunean bizi direlako. Baita ere erasotzaileak emakumea kontrolatzeko eta menperatzeko zereginean zailtasunak ipintzen diotela iruditzen zaion pertsonen aurka ere. Gogoratu behar da azken helburua hori dela, eta ez min ematea, eta hori lortzeko emakumea bere alboan egotea lortu behar du. Urtero gertatzen dira tratu txarrak jasatzen dituen emakumearen inguruko pertsonen aurkako erasoak: amaren aurka, bikotekide berrien aurka, eta baita seme-alaben aurka ere. Aurreko urtean lau adingabeko hil zituzten modu horretan. Biktimei emandako babesak ezaugarri hori kontuan hartu behar du. Izan ere, legeak baditu neurriak, adibidez, seme-alabak izatea, eta ez erasotzaileak, alarguntasun-pentsioa jasotzen dutenak. Epaiak osatu egiten du, kalte-ordainketak ezarriz. Hala ere, berrikusi egin nahi dugu zenbaterarte.

 

Zure azken liburuan “postmatxismo” kontzeptua erabili duzu, sotilagoa eta ezkutukoagoa den egungo matxismoa izendatzeko.

Postmatxismo izugarri ikusten dugu. Matxismo tradizionala eta feminismoak bururatzen duen berdintasunaren aldeko borroka aktiboaren tartean geratzen den jarrera ordezkatzen du. Zilegitasunaz hitz egiten dute beraien neutraltasuna defendatuz, jarrera ideologikoa ukatuz. Guztientzat ona denaz hitz egiten dute eta zientifismora jotzen dute, ustez empirikoak diren elementu eta datuekin beraien iritziak zilegi bihurtuz. Adibide garbi bat SAP [Síndrome de Alienación Parenal] litzateke: suposatzen da kontzeptu zientifikoa dela, eta ez ideia bat edo asmakizun bat, nahiz eta egiaz zientziaren alorrean ez egon aho bateko iritzirik. Eta alineazio parentalaz hitz egiten dute, ustez kontzeptu neutroa, ez baitu zertan amari buruzko aipamenik egin beharrik. Baina kurioski “ama gaiztoaren sindromea” sortzen da, eta praktikan oso erraza da amari egoztea, bera delako zaintza izan ohi duena. Horrela, diskurtsoa da ama gaiztoa dela, aita lan eta lan aritu den bitartean (etxetik kanpo, noski) eta eskubide gabe geratzen delarik.

 

Gezurrezko salaketekin dagoen obsesioa ere adibidetzat jartzen duzu.

Postmatxismoaren beste paradigma bat da.  Egia da %30ean errugabe ateratzen direla, baina horrek ez du esan nahi, dioten moduan, gezurrezkoak direnik, baizik eta ez dagoela behar adina froga erruduntzat jotzeko. Postmatxistek berdintasunaren aldeko neurriak etengabe irrigarri bailiran hartzen dituzte, adibidez Berdintasunerako Ministerioak gizonentzat jarritako telefonoa. Ez dira aztertzen hasten zergatik jartzen diren neurri horiek: desberdintasuna badagoelako eta justizia sozialeko kontua delako desberdintasuna errotik kentzea. Gainera, badaude gizonak berdintasunaren alde lanean, indarrean dagoen maskulinitate eredua zalantzan jartzen dutenak, modu horretako ekintzak eskatzen dizkigutenak. Herritarren arreta gunerako telefonoan berdintasunaren alde zerbait egin nahi duten gizonen eskariak %62,4 igo dira.

Aznarrek dioenez, lotsagarria da orain gizonak nola izan behar garen esatea. Nik ez dut esaten nola izan, baizik eta zer ez den gizon izatea: indarkeria, abantaila, ustezko desberdintasun biologikoetatik datorren boterea. Postmatxismoari gizonek egindakoak arduratzen dio. Erraza da feministei erantzutea edo beraien lana gutxiestea, emakumeentzat delako, baina pentsatzen badute eurak gizonak berdintasunaren alde batzen direla, orduan galduta gaude.

 

Gizonek nola ezagut dezakete beraien postmatxismoa eta nola gaindi dezakete?

Berdintasunari buruzko zerbait entzutean gutxiespena edo ezinegona sentitzen badute, elkarbizitzari dagokion gizarte aurrerapenen aurrean beraien burua zalantzan jartzen badute, zerbait gertatzen ari da. Ispiluaren aurrean jarri behar dira eta erantzun horietaz jabetu behar dira. Komentarioei eta albisteei besterik gabe kasu egin eta haratago joaten ez den jendea da. Ezezaguna den gai baten aurrean gaizki sentitzeak gutxienez aurrerapausu bat egitea eskatzen du haratago zer dagoen ikusteko, zergatik proposatzen den jakiteko. Gutxienez, informa daitezela.

 

Tresna erabilgarri bat maskulinitateari buruz hausnartzen duten eta berdintasuna bultzatzen duten gizonen taldeak dira. Zer irizten diozu mugimenduaren egoerari?

Berdintasunaren aldeko gizonen taldeak asko ugaritzen ari dira espainiar estatu osoan. Euskal Herria moduko erkidegoetan areago, berdintasun politikak marrazten diren erakunde instituzionaletan sartuta baitaude. Askoz ere gehiago bultzatzea falta da eta elkarbanatutako erreferentzietan gehiago lan egitea, nahikoa lotura eza  dagoelako taldeen artean. Banatuta, zatituta daude eta balliabide gutxi dituzte. Horrek azaltzen du proiektuaren ideia bateraturik ez ikustea, eta horregatik egiten ari direna eta zergatik egiten duten ez ezagutzea. Edonola ere, beraien lana oso positiboa dela iruditzen zait.

 

Zer iruditzezn zaizu Gizonduz ekimena? Zeintzuk proposamen iruditzen zaizkizu interesgarrienak?

Oso interesgarria da. Bereziki erakartzen naute kontzientziazio eta sentsibilizazio programak. Oso garrantzitsua iruditzen zait eskoletara iristea, hor baitaude rol tradizionalak zalantzan jartzen hasten diren gazteak, hain zuzen ere beraien identitatea eraikitzeko bizitzako garai garrantzitsuenean daudenean.

 

Aurrikusten al duzue Ministerioaren eta Gizonduz-en artean itunik, edo are gehiago, antzeko programak beste erkidego autonomoetan bultzatzea?

Ritxar Baceterekin lanean ari gara Ministerioan sortu dugun gizonen taldean. Taldeko kideek gizonen arreta gunerako telefonoa moduko neurriak sortzen edota zigorra duten tratu txarrak emandako gizonak hezitzeko neurrietan parte hartzen dute. Gure nahia beraiekin lan egiten jarraitzea da, modu zehatzagoan, proiektu jakinetarako. Era berean ikusi nahi dugu zer ikas dezakegun Gizonduz moduko ekimenetatik. Beste autonomi erkidegoei dagokienez, proiektu desberdinak sektore bileretan aurkezten dira, beste lurraldeetan egin eta garatu ahal izateko. Testuinguru horretan, Gizonduz-en ekarpena ondo egindako lanen adibide gisa oso interesgarria da.