Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz
Maribel Pizarro:“Gizonen inplikazioan lan egitea estrategikoa da emakumeentzat”

                  

Maribel Pizarro, Ez:Berdineko Zuzendaria

 

"Gizonen inplikazioan lan egitea estrategikoa da emakumeentzat"

 

Maskulinitateen eta sexismoaren inguruan hezteko, ikertzeko eta sentiberatzeko helburuekin jaio zen Ez:Berdin zentroa apirilean, On:giz Berdintasunaren Aldeko Elkartearen, GHIA Arabako Berdintasunaren aldeko Gizon Taldearen eta Arabako Foru Aldundiko Gazteria eta Gizarte Sustapen Sailaren eskutik. Bertako zuzendari Maribel Pizarrok (Caceres, 1964) ezinbestekotzat du berdintasunaren irudi faltsua haustea, eta gizonak genero berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan inplikatzea.

Nola sortu zen Ez:Berdin?

GHIAk eta On:gizek hiru urtean zehar elkarrekin egindako lanaren harira sortu zen Ez:Berdin zentroa. On:giz emakumeez eta gizonez osatuta dago, ni bertako kide naiz. 2006 eta 2008 artean, Arabako Foru Aldundiako Gizarte Ongizate Institutuak, EHUko Psikologia Sozialeko Sailak eta gizonekin generoa landuta zuten hezitzaile talde batek garatutako proiektuaren harira sortu zen. Maskulinitateen gaia lantzeko hezkuntza ez sexistako eskola bat diseinatzea zen egitasmo haren helburuetako bat. Eskola hori diseinatzearekin batera, proiektuan parte hartu genuenok elkarte bat sortzea erabaki genuen, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan gizonen inplikazioa sustatzeko. 

Zein helburu ditu?

Ez:Berdinen helburuak honakoak dira: genero justizia lortzeko bidean eta genero indarkeriaren aurkako borrokan gizon gazte eta helduen parte-hartzea sustatzea; gizon eta emakumeen artean harremanetan, familietan eta komunitateetan dauden botere desorekak eraldatzeko, gizonen jarrerak eta ekintzak alda daitezen bultzatzea; gizonek maskulinitate eredu bidegabe eta biolentoak auzitan jar ditzaten sustatzea, eredu onuragarriago eta baketsuagoen alde egin dezaten; mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaren eta aitatasunaren inguruan, gizonek erantzukidetasunez joka dezaten bultzatzea; eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan zein  genero berdintasuna lortzeko bidean, gizonak inplikatzeak duen garrantziaz sentiberatu, bai gizartea, elkarte sozialak zein erakunde publikoak. 

Zein balantze egiten duzu haierako bederatzi hilabete hauetaz?

Nire balantzea ona da, baina hobe daiteke. Aurreikusitako sentsibilizazio eta trebakuntza jarduera guztiak burutu ditugu, baita aurreikusi gabeko beste batzuk ere, baina bide luzea dugu oraindik egiteko. Nire ustez, funtsezkoa da elkarte sozialekin, emakume elkarteekin eta talde feministekin itunak egiteko plangintza abiatzea, baita erakunde publikoekin ere. Horretarako azaldu egin behar zaie zergatik den ezinbestekoa gizonak berdintasunaren alde eta indarkeriaren aurka inplika daitezen lan egitea; emakumeei eta gizonei eurei mesede egiten diela azaldu behar zaie.

Hobetu beharreko beste alorretako bat irisgarritasuna da, Araba osora zabaldu behar dugu zentroa. Gasteizen egoteak herritar, elkarte eta erakunde publiko guztien parte-hartzea oztopatzen du.

 Emakumeek denbora asko daramate berdintasuna lantzen. Atzean geratu al dira gizonak?

Duela urte gutxira arte, salbuespenak salbuespen, gizonek ez dute berdintasunaren aldeko interesik agertu; berdintasunarekin ados ez zeudela ere esan dezakegu. Ezin dugu ahaztu patriarkatuak pribilegioak ematen dizkiela gizonezko jaiotze hutsagatik, nahiz eta haietako batzuek ulertu duten horrek ere ordainak dituela: emozio positiboak adierazteko zailtasunak, harreman afektibo-sexualak behar bezala kudeatzeko zailtasunak, gizontasuna erakutsi eta demostratu beharra... Gizon horiek gutxi dira, baina gero eta gehiago; hain zuzen, horiek ari dira berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka borroka egiten.

Gainerako gizonei dagokienez, ez dut datu egiaztaturik, baina uste dut adinaren araberako alde nabarmenak topa ditzakegula. 50 urtetik gorakoen artean, asko "nahasita" daude; beste batzuk nolabaiteko bekaitza sentitzen dute "horrenbesteko berdintasunagatik" (noraino heldu nahi dute emakumeek?, diote). Nire aburuz, nagusienek uste dute prozesua azkarregi doala, gauzak ezin direla horrelako abiaduran aldatu, baizik eta pixkanaka joan behar dugula.

Gizon gazteenen artean, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako iritzi gehiago daudela uste dut, beste belaunaldietakoekin alderatuta. Edonola ere, lan asko dago egiteko; izan ere, egoera sakonago aztertuz gero jarrera sexista eta jokabide matxistak agertzen dira, bikote harremanei zein amatasun edo aitatasunari lotuta batez ere.

Gizonak atzean geratzeak kezkatzen nau, baina emakumeak atzean geratzea ere izugarri kezkatzen nau. Izan ere, emakumeengan ere eragin handia du berdintasunaren irudi faltsuak, hau da, emakumeekin zein gizonekin egin behar dugu lan. Genero sozializazioak, sexismoak eta matxismoak batzuengan zein besteengan uzten du marka; patriarkatuak bizirik iraun du horrela, mendeetan zehar, aldaketa politikoen, ekonomikoen eta kulturalen gainetik. Celia Amorosek dioenez, sistema "metaegonkorra" da.

Elkarrrizketa osoa irakurtzeko