|
“Gizonok aurreiritziak alde batera utzi eta gure burua berrasmatu behar dugu”

Kirmen Uribe Urbieta, idazlea.
Emakumeen kontrako indarkeria salatu eta, aldi berean, matxismoak gizonei dakarzkion ondorioak azaleratu. Xede bikoitz hori hasieratik ageri da Kirmen Uribe idazlearen lanean. Bere lehenengo eleberrian, Bilbo-New York-Bilbao, bere konpromisoa are gehiago indartzen da. Uribek lehenengo pertsonan kontatzen ditu berak eta bere familiako gizonek bizitako egoerak, emozioak eta beldurrak. Era horretan, gizartean errotutako aurreiritzi bat hausten du: gizonek ez dutela euren sentipenei buruz hitz egiten. Idazle hau izan zen Gizonduz-en Euskal gizonen eskutitza berdintasunaren alde sinatu zuen lehenetarikoa, eta Ajuria Enean izandako aurkezpenean berak irakurri zuen karta.
Filosofia eta Letretan lizentziatua, poeta... Nola bizi izan duzu beti gizontasun estereotipoaren kontra joan izana?
Betidanik joan izan naiz bide berriak bilatzen. Egia esan, hori izan da gaztetatik nire ibilbidea. Institutoan hiru mutil bakarrik egon ginen klasean eta horrek askatu egin ninduen. Oso garai polita izan zen. Gai sozialetan ere ibili naiz, intsumisio mugimenduan eta hori dela eta Basauriko kartzelan. Hor bai gizonen artean! Beti egon naiz mugak hausten edo, gutxienez, mugen artean.
Zure familiak ulertu izan du zuk aukeratutako bidea?
Amak gustoko du literatura eta beti babestu izan nau. Gauzak argi nituela ikusten zuen, gaztetatik idazle izan nahi nuela. Aitak hasieran ni abokatua izatea nahiago zuen, baina geroago onartu egin zuen.
Estatistiken arabera, emakumezkoak dira irakurlezaleagoak...
Hor betiko rolak sartzen dira, eta gazteen artean oraindik ere joera hori mantentzen da. Nire irakurketa saioetan gehienak neskak dira. Nik uste nobela hau erosi eta irakurri duten gehienak emakumeak izango direla. Baten batek esan dit gainera emakumeei gustatzeko modukoa dela, eurei gustatuko zaiela batez ere. Ez dakit zergatik.
Eta nola piztu daiteke gizonengan zaletasuna?
Oso lan geldoa da. Lehenik eta behin, gizonok biluztu behar gara, aurreko aurreiritzi eta jaso ditugun tradizioak alde batera utzi eta gure burua berrasmatu, hutsetik asmatu. Bestela beti erosotasunean erortzen gara. Mutilok behin eta berriro erori egiten gara zulo horretan. Neskak piztuago daude. Emakumeak beti bilatzen du bere tokia munduan, nahiz eta alargundu, bikoteaz banandu... Egoera zailenetan gizonezkoak baino hobeto bilatzen du tokia.
Literaturak lagundu dezake gizon eredu berri bat plazaratzen?
Bai, asko gainera. Nik kezka hori hasieratik izan dut. Nobelaren muina gizonezkoen lerroaren inguruan dago eraikita: aitona, aita, ni neu eta Unai, semea. Lerro hori aukeratu nuen eta ez emakumeena gizonezkoei buruz hitzegin nahi nuelako, gizonezkook ditugun zalantzez eta beldurrez. Ez nuen gizonezko klasikoen ikuspegia eman nahi, baizik eta gure barruko beldur horiek azaleratu. Gure ama asko azaltzen da eta oso indartsua da; konturatu nahiz gehiago atera izanez gero berak jan izango zuela nobela.
Emakumeen aurkako indarkeria ere salatzen duzu nobelan zehar.
Bai, aurpegi asko oso argi agertzen dira: sexu indarkeria, gerran emakumeek nola sufritzen duten... Liburuko hiru kasu kontatuko ditut. Lehena, Gasteizko kale batean ikusi nuena: Emakume bat zegoen negarrez. Senarrak etxeko giltzak eta zapatak kendu zizkion. Beraz, ortozik zebilen. Itzuliko zara!, esaten zion gizonak. Oso gogorra izan zen eta azaldu nahi izan nuen. Hegazkinean emakume indiar bat jasandako akoso egoera bat agertzen da ere. Gerrako kanta bat kontatzen dut baita, nola emakume batek italiar soldadu baten umea izan zuen eta jendeak burla egiten zion. Arrantzale emakumeen modua azaltzen da.
Idazterako orduan nola saiatzen zara genero ikuspegia kontutan edukitzen?
Hasieratik goitik behera barneratu dut. Bisita poeman, nahiko ezagun egin den nire hasierakoetako batean, iada nabaritzen da: “Orain amak eta biok hitzegiten diogu soilik. Anaia iada ez da agertu ere egiten. Aita atean geratzen da isilik”. Arrebari egiten dioten bisita bati buruzkoa da; anaia eta aita aldendu egiten dira eta ama eta neba txikia doaz bakarrik berarengana. Kezka betidanik izan dut, bi modutara: emakumeen egoera azaltzeko eta gizonezkoon izaera gatazkatsu hori aztertzeko.
Gizonak ez zaudete zuen burua hainbeste biluztera ohituak. Kostatu al zaizu zuen sentipenak argitaratzea?
Zaila izan da, batez ere nola kontatu, modu erromantiko edo txepelean ez egiteko. Nire barruko sentimenduak kontatu ditut, baina modu neurrian, distantzia hartuta. Polita da aitatasunari buruz nola hitzegiten den: gure aitak aitonarekin zuen harreamana; nik gure aitarekin neukana; ni neu semearekin, gainera biologikoa ez dena... Familia harreman horiek lau belaunaldietan nola aldatu izan diren beti interesatu izan zait.
Eta zein da ondorioa?
Aldatu dira eta distantzia murriztuz joan. Hala ere, oraindik ere aitak semea beti babestu eta bideratu nahi du. Oso gutxitan onartzen da semeak edo alabak bere bidea egin behar duela, bere ideiak izan, bere akatsak egin eta akats horien bidez ikasi. Horretan gaur egun ere erortzen gara. Nire aitak ez zuen nik idazlea izatea nahi. Gaur, nahiz eta aurrerakoiak izan, babesteko nahia mantentzen dugu.
Haur eta gazte literaturen bidez nola saiatu egin zara estereotipoak hausten?
Nire pertsonaiak oso humanoak egiten saiatu naiz. Garmendia izeneko pertsonaia lotsatia eta baldarra da. Ia ez du neskekin harremanik, beraiekin hitzegiterakoan lotsatu egiten baita. Gaztetxoen artean zailtasun handi horiek sarritan egoten dira. Azaldu nahi diet euren heroiak ere beldurrak dituela, euren modukoa dela. Kontua denborarekin beldur horiek gainditzea da.
Zer onura ekarriko ditu Gizonduz-en eskutitza bezalako ekimenek?
Gizonduz ekimena abangoardia da. Gizonezkoak gure lozorrotik atera egiten gaitu, gure buruarekin lan, gure generokoekin elkartu, geure akatsez hitzegin eta ahalik eta pertsona hobeak izaten ahalegindu... Auzi handia da, baina hartzea beharrezkoa da. Gure gizartean, eskutitza bezalako ekintza sinbolikoek pisu handia daukate eta asko laguntzen dute. Gizon talde bat bildu egiteak, karta bat sinatzeak eta karta horren edukia aurrera eramateko prest egoteak lehen pausua da. Lotsa kentzen laguntzen du, gizonezkoak jatorrak izatea ez dela hain arraroa ikusteko eta ez direla gaizki sentitu behar ulertzeko. Horrelako beldurrak oraindik badaude baina gainditzen hasi behar ditugu. Orain pausu hori gizarte osoarean artean zabaldu behar da, mugimenduan ahalik eta gizon gehienek parte har dezaten.
|