
“Ez baditugu gauza berri asko egiten hezkuntza alor askotan, gauza bera egiten eta berdin hezten jarraitzen badugu, populazioaren % 50 beste erdiarekin “pasatu egingo da” eta % 50 honek, berriz, beste erdiaz “paso egingo du”.Emakunderen Nahiko! programa emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko hezkidetzako edo koedukazioko programa bat da. Eskolan sistematikoki esku hartzeko programa bat da, eta irakasleek Lehen Hezkuntza osoan, lehen mailatik seigarrenera arte, sei urtetik hamabi urte arte erabiltzeko prestatuta daude bertako materialak eta dinamikak. Hain zuzen ere, Nahiko! programak hiru direla esan genezake: lehen eta bigarren mailarakoa, hirugarren eta laugarrenerakoa eta bosgarren eta seigarrenerakoa. Horietariko bakoitza autonomoa da eta osotasuna du, baina gainera, guztien artean jarraikortasuna dago eta eskola etapako ibilbide bakarra osatzen dute.
Parte hartzen duten ikastetxeentzat, hezkidetzako formazioa-ekintza-formazioa motako esperientzia bat da. Aukera ematen du lan hezitzailea eta eskolako etapa birpentsatzeko eta egokitzeko gizon-emakumeen arteko berdintasunerako, abiapuntu gisa hartuta giza eskubideen hezkuntza, balioetako hezkuntza, berdintasuna, errespetua, indarkeriarik eza, zaintza eta tratu onak. Desberdina da ohiko espazioetatik, eta eguneroko bizitzatik eta harremanetatik hurbilago dauden helburu, gai, dinamika, material eta hizkuntza erabiltzen ditu ikuspegi kritiko batetik eta generoaren araberako gizarteratzeak markatzen duen inguruaren kontra eginda
Programa 2003-04 ikasturtean hasi zen eta esperientzia pilotuak eta materialak 2011-12 ikasturterako bukatuko direla espero da. Hainbeste ikasturtetan jarraipena izatea ez da ohikoa eta hori, berez, azpimarragarria da. Hiru ikastetxetako sei talde hasi ziren 2003-04 ikasturtean. Orain, berriz, hamar aldiz talde eta ikastetxe gehiago dago lehen zikloko (lehen eta bigarren maila) esperientzia pilotuan eta ikastetxe asko ari dira lanean beste bi zikloetan. Berritzeguneek parte hartzen dute irakasleekin batera mintegietan eta ikastetxeei lan egiten laguntzen diete. Gainera, beste hezkuntza eremu batzuetatik gero eta interes handiagoa dago, esate baterako irakasle eskoletatik, udaletatik… Programa eta materialak partaide diren ikastetxeen eskarmentu eta ebaluaziotik abiatuta joan dira sortzen. Horri esker, Nahiko! programak hiruhileko 18 ikastunitate koherente eta egituratu eskaintzen ditu eta horietan oinarritu daiteke edozein ikastetxe Lehen Hezkuntzako hezkidetzako lanari ekiteko.
Aipagarriak dira EHUk egindako kanpo ebaluazioaren emaitza onak eta irakasleen balorazio onak adin bakoitzeko ikasleen garapen fase bakoitzera egokitzen delako, planteamendu metodologiko aktiboa eta ludikoa duelako, eguneroko harremanei lotutako eduki bibentzialak lantzen direlako, adinari dagozkion berezko hizkera eta sinbolismoa erabiltzen duelako eta ziklo bakoitzeko curriculumari egokituta dagoelako. Dena den, aipagarriena da parte hartu duten irakasle, ikasle eta ikastetxeek izan dituzten bizipenak esperientzia pilotuetan. Programa honek berebiziko ikaskuntza prozesua bultzatu du parte hartu dugun guztion artean.
Nire ustez, gauzak diskurtso mailan aldatu dira, esaten dena eta entzuten dena aldatu da, baina oraindik ere oso gutxi aldatu da sentitzen dena eta bizitzen dena maila praktikoan. Berdintasun formala bere egiteak bi eragin kontraesankor ditu eskoletan. Alde batetik, hezkuntza proiektuetan eta geletan esaten direnetan sartu da, eta hori oso garrantzitsua da. Baina beste alde batetik, dagoenekoz lortuta egotearen sentsazioa hedatzen da; ez da aztertzen zer egiten den eta ikasleek zer ikasten duten irakasleekin eta irakasleengandik. Nolabait esateko, nahastu egiten dira abiapuntua den irakaskuntza mistoa (neska-mutilak ikasgeletan sarbide eta presentzia orekatua izatea) eta helmuga, hain zuzen ere, berdintasunerako, autonomiarako eta hiritartasun osorako hezkuntza (neskek zein mutilek eskola ibilbidea egitea eta ikasgelatik ateratzea posibilitate, aukera, ikaskuntza eta ardura berberekin).
Ondorioz, salbuespenak salbuespen, neska-mutilak gela berberetan, irakasle eta material berberekin hezten dira, baina euren burua ikusteko eta baloratzeko modu desberdinak eta desberdintasunezkoak ikasten dituzte, proiektu desberdinak eta desberdintasunezkoak eraikitzen dituzte, baliabide eta bizitzari aurre egiteko modu desberdinak eta desberdintasunezkoak garatzen dituzte, eta modu desberdinak eta desberdintasunezkoak ikasten dituzte munduan egoteko, gizarte espektatibei erantzuteko eta euren artean harremanak izateko. Hori guztia ohiko rol eta estereotipo maskulino eta femeninoetatik oso hurbil oraindik ere. Horrek isla oso argia du, adibidez, neska-mutilek eskola amaitzean hautatzen dituzten aukera akademiko-profesionaletan.
Azken urte hauetan atzeraka egin dugu arlo honetan, eta horrek esan nahi du berdintasuna ez dela “denbora kontua” sarritan esaten den moduan, baizik eta hezkuntzako eragileek denbora horretan egiten dutenaren araberakoa. Duela urte batzuk elkarte, eskola eta erakundeetatik eragindako familien sentsibilizazioari esker aldatzen hasi zena atzeraka joan da, berriro ere, fabrikatzaile eta saltoki handien publizitate eta salmenta estrategiak direla medio. Kontsumo-sektore jakin batzuk identifikatzeko eta talde bakoitzarentzako berariazko mezuak bidali ahal izateko, gehitu egin dute “urdina” eta “arrosa” elementuen erabilera haurrentzako produktu mota guztietan, horrek duen eduki tradizional guztiarekin: jostailuak, arropa, oinetakoak, altzariak, osagarriak (motxilak, poltsak…), garbitasunekoak, papertegikoak eta abar. Merkatuko zirkuitu nagusiak produktu hauez eta ezkutatzen dituzten baloreez gainezka daudenez, oso zaila da jostailu edo bestelako gauza alternatiboak aurkitzea, eta lortzekotan ere, bide eroso eta ohikoenak albo batera laga behar da eta ahalegin berezia eskatzen du.
Eskola porrota batez ere “mutil mutilenengan” gertatzen da, hain zuzen ere, tradizionalki maskulinoenak diren mutilengan edo maskulinoak modu tradizionalenean diren mutilengan. Horren arrazoia da “neska ez izateko” eredu horretan balio bat dela femeninoa den edozer gauza alboratzea, eskolan arrakasta izateko behar diren ikaskuntza, trebetasun eta gaitasun guztiak barne (entzutea, saiatze, ez etsitzea, ordena, elkarlana, enpatia…). Gainera, eredu maskulino tradizional horrek eskolan arrakasta izateko negatiboak diren hainbat portaera eragiten ditu (paso egitea, kaikukerietan ibiltzea, arrakastari garrantzirik ez ematea, irakasleei jaramonik ez egitea, ez aitortzea lan egin edo ikasi egiten dela, arretarik ez jartzea edo arretarik ez jartzearen itxurak egitea…). Horren guztiaren ondorioz, “tradizionalki maskulinoak” diren ikasle askorentzat eskola femeninoa da (irakasle asko emakumeak direlako, positiboki baloratzen diren gai, lan eta balioengatik…) eta eskolaz kanpo (jolastokian, kalean…) edo eskola eta gero (prestakuntza teknikoan, profesionalean edo lan munduan zuzenean) dago benetan garrantzitsua den eremua. Mutil horiek uste dute eremu horretan saritzen direla euren jarrera eta trebetasun maskulinoagoak. Hain zuzen ere, eremu horietan espero dute erakustea balio dutena eta sozialki eta ekonomikoki arrakasta izatea eta dagokien tokia betetzea.
Nik uste dut neskentzat garrantzitsuagoa dela eta zuzeneko eragin handiagoa duela. Adibide ona da errendimendu akademiko hobeari buruzko datuen eta lan merkatuan sartzeari eta laneko promozioari buruzko datuen artean dagoen desberdintasuna. Ondorioz, errazago “ikusten” dute bidegabekoa dena eta aldatu egin behar dena, besteek baino ahalegin handiagoa egin behar izaten dutela, eurei pertsonalki eragiten diena eta abar. Mutilek, berriz, sarri ez dute “ikusten” bidegabea den ezer, eta ikasgelan landu ondoren modu arrazional eta intelektualean ikusten dute, baina ez dute eurekin zerikusirik duenik sentitzen, ez daukate eurei eragingo dionaren beldurrik eta ez dute pentsaten bizitza baldintzatuko dienik. Mutilentzat ez da gai pertsonal bat, neskentzat, berriz, bai.
Maskulinitate tradizionalaren eredu alternatiboak ezagutzeko aukera ematen die. Eredu horien bidez euren burua modu positiboan irudikatu dezakete eurekiko eta gainerako gizon-emakumeekiko; aukera ematen die elkar zaintzean eta elkarrenganako tratu onetan oinarritutako gizonen bizi eta harreman proiektuen erreferenteak ezagutzeko. Gainera, sozialki errespetutik, autonomiatik eta elkarlanetik berdintasunaren alde kokatzeko eta jarduteko aukera ere ematean die.
Nire ustez, bizitzen ari garen gizarte aldaketetatik garrantzitsuena da. Hainbat eragile, erresistentzia, joera, lorpen, atzerakada, arrakasta, akats eta abar egon da orain arte eta aurrerantzean ere egongo dira. Espero dut horren guztiaren ondorioz epe ertainean hurbildu egingo garela Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak proposatzen duen demokraziara eta bizikidetza eta antolamendu sozialera eta onartezina egingo zaigula desberdintasuna. Eta, epe luzera, espero dut berdintasunak aldatu egingo duela gizarteko, familiako, laneko eta bestelako eremuetako antolamendu eta paradigma soziala eta gizon eta emakumeen gaur egungo desberdintasunezko errealitatea pentsaezina eta onartezina izango dela eta imaginario kolektibotik at geratuko dela.
Neska-mutikoek gure eskoletan benetan ikasten dutenetik abiatzea, ikasten duten hori gauza bera den ala ez aztertzea eta neska-mutikoentzat dituzten ondorioak zeintzuk diren ikustea, emaitza horiek abian diren hezkuntza lege eta proiektuetatik baloratzea eta horretan oinarrituta sistematikoki eta modu egituratuan esku hartzea. Eskola koedukatibotik koedukatzailera pasatzea. Neska-mutikoak hezteko nahiari eta asmoari ez uko egitea. Dakigunarekin eta ikusten ikasi dugunarekin, hezkuntza soil-solik hezkidetza edo koedukazioa izan liteke.
Ikasleen artean, neskek diotenez “mutikoak pasatu egiten dira” (eurekin, “eta konturatu ere ez dira egiten”). Mutilek diotenez, berriz, “neskek paso egiten dute” (euretaz, “txantxa bat zen”). Ez baditugu gauza berri asko egiten hezkuntza alor askotan, gauza bera egiten eta berdin hezten jarraitzen badugu, populazioaren % 50 beste erdiarekin “pasatu egingo da” eta % 50 honek, berriz, beste erdiaz “paso egingo du”.