Maribel Pizarro:“Gizonen inplikazioan lan egitea estrategikoa da emakumeentzat”
Maribel Pizarro, Ez:Berdineko Zuzendaria
"Gizonen inplikazioan lan egitea estrategikoa da emakumeentzat"
Maskulinitateen eta sexismoaren inguruan hezteko, ikertzeko eta sentiberatzeko helburuekin jaio zen Ez:Berdin zentroa apirilean, On:giz Berdintasunaren Aldeko Elkartearen, GHIA Arabako Berdintasunaren aldeko Gizon Taldearen eta Arabako Foru Aldundiko Gazteria eta Gizarte Sustapen Sailaren eskutik. Bertako zuzendari Maribel Pizarrok (Caceres, 1964) ezinbestekotzat du berdintasunaren irudi faltsua haustea, eta gizonak genero berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan inplikatzea.
Nola sortu zen Ez:Berdin?
GHIAk eta On:gizek hiru urtean zehar elkarrekin egindako lanaren harira sortu zen Ez:Berdin zentroa.On:giz emakumeez eta gizonez osatuta dago, ni bertako kide naiz. 2006 eta 2008 artean, Arabako Foru Aldundiako Gizarte Ongizate Institutuak, EHUko Psikologia Sozialeko Sailak eta gizonekin generoa landuta zuten hezitzaile talde batek garatutako proiektuaren harira sortu zen. Maskulinitateen gaia lantzeko hezkuntza ez sexistako eskola bat diseinatzea zen egitasmo haren helburuetako bat. Eskola hori diseinatzearekin batera, proiektuan parte hartu genuenok elkarte bat sortzea erabaki genuen, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan gizonen inplikazioa sustatzeko.
Zein helburu ditu?
Ez:Berdinen helburuak honakoak dira: genero justizia lortzeko bidean eta genero indarkeriaren aurkako borrokan gizon gazte eta helduen parte-hartzea sustatzea; gizon eta emakumeen artean harremanetan, familietan eta komunitateetan dauden botere desorekak eraldatzeko, gizonen jarrerak eta ekintzak alda daitezen bultzatzea; gizonek maskulinitate eredu bidegabe eta biolentoak auzitan jar ditzaten sustatzea, eredu onuragarriago eta baketsuagoen alde egin dezaten; mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaren eta aitatasunaren inguruan, gizonek erantzukidetasunez joka dezaten bultzatzea; eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan zein genero berdintasuna lortzeko bidean, gizonak inplikatzeak duen garrantziaz sentiberatu, bai gizartea, elkarte sozialak zein erakunde publikoak.
Zein balantze egiten duzu haierako bederatzi hilabete hauetaz?
Nire balantzea ona da, baina hobe daiteke. Aurreikusitako sentsibilizazio eta trebakuntza jarduera guztiak burutu ditugu, baita aurreikusi gabeko beste batzuk ere, baina bide luzea dugu oraindik egiteko. Nire ustez, funtsezkoa da elkarte sozialekin, emakume elkarteekin eta talde feministekin itunak egiteko plangintza abiatzea, baita erakunde publikoekin ere. Horretarako azaldu egin behar zaie zergatik den ezinbestekoa gizonak berdintasunaren alde eta indarkeriaren aurka inplika daitezen lan egitea; emakumeei eta gizonei eurei mesede egiten diela azaldu behar zaie.
Hobetu beharreko beste alorretako bat irisgarritasuna da, Araba osora zabaldu behar dugu zentroa.Gasteizen egoteak herritar, elkarte eta erakunde publiko guztien parte-hartzea oztopatzen du.
Emakumeek denbora asko daramate berdintasuna lantzen. Atzean geratu al dira gizonak?
Duela urte gutxira arte, salbuespenak salbuespen, gizonek ez dute berdintasunaren aldeko interesik agertu; berdintasunarekin ados ez zeudela ere esan dezakegu. Ezin dugu ahaztu patriarkatuak pribilegioak ematen dizkiela gizonezko jaiotze hutsagatik, nahiz eta haietako batzuek ulertu duten horrek ere ordainak dituela: emozio positiboak adierazteko zailtasunak, harreman afektibo-sexualak behar bezala kudeatzeko zailtasunak, gizontasuna erakutsi eta demostratu beharra... Gizon horiek gutxi dira, baina gero eta gehiago; hain zuzen, horiek ari dira berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka borroka egiten.
Gainerako gizonei dagokienez, ez dut datu egiaztaturik, baina uste dut adinaren araberako alde nabarmenak topa ditzakegula. 50 urtetik gorakoen artean, asko "nahasita" daude; beste batzuk nolabaiteko bekaitza sentitzen dute "horrenbesteko berdintasunagatik" (noraino heldu nahi dute emakumeek?, diote). Nire aburuz, nagusienek uste dute prozesua azkarregi doala, gauzak ezin direla horrelako abiaduran aldatu, baizik eta pixkanaka joan behar dugula.
Gizon gazteenen artean, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako iritzi gehiago daudela uste dut, beste belaunaldietakoekin alderatuta. Edonola ere, lan asko dago egiteko; izan ere, egoera sakonago aztertuz gero jarrera sexista eta jokabide matxistak agertzen dira, bikote harremanei zein amatasun edo aitatasunari lotuta batez ere.
Gizonak atzean geratzeak kezkatzen nau, baina emakumeak atzean geratzea ere izugarri kezkatzen nau.Izan ere, emakumeengan ere eragin handia du berdintasunaren irudi faltsuak, hau da, emakumeekin zein gizonekin egin behar dugu lan. Genero sozializazioak, sexismoak eta matxismoak batzuengan zein besteengan uzten du marka; patriarkatuak bizirik iraun du horrela, mendeetan zehar, aldaketa politikoen, ekonomikoen eta kulturalen gainetik. Celia Amorosek dioenez, sistema "metaegonkorra" da.
Berdintasunaren irudi faltsu horrek, dena lortuta dagoelako ideiak, gizonak hezteko lana gehiago oztopatzen al du?
Gizonak hezteko lana oztopatzen du, baina emakumeak heztekoa ere bai. Berdintasunaren irudi faltsu hori ezjakintasunagatik gertatzen da askotan, uste hori zalantzan jartzeko gogoeta espaziorik ez edukitzeagatik, hedabideek edo erreferentziazko pertsona eredugarriek hala transmititu digutelako. Baina era berean, berdintasunaren irudi faltsua batzuek erabiltzen duten baliabidea da, gauzak alda ez daitezen; benetako berdintasuna lortzeko ordena irauli eta aldatu behar da, eta horrek beldurra eragiten du.
Hori dela eta, arlo honetan lortutako aurrerapausoak aitortu arren, benetako berdintasunik ez duten esparruez ohartarazi behar dugula uste dut. Eguneroko bizitzan, emakumeekiko harremanetan edota maskulinitate eredu hegemonikoaren araua jarraitzen ez duten gizonekiko harremanetan dauden estereotipo eta aurreiritzi sexisten jakitun egin behar ditugu gizonak. Boterean oinarritutako harremanei buruz hausnartu behar dute, baita gizonek daramaten indarkeria potentzialaz ere. Horren guztiaren jatorria ulertu behar dutela uste dut, gizonak ere ordena patriarkalaren emaitza direlako.
Desberdintasunekin amaitzeko gizonen inplikazioa beharrezkoa da. Ba al du erresistentziarik baieztapen horrek?
Erresistentzia baino gehiago, nik esango nuke mugimendu feministaren barruan oso kritikoa den sektore sozial, akademiko eta instituzionala dagoela; ez dute begi onez ikusten gizonak berdintasunean inplikatzera baliabide ekonomikoak bideratzea. Beste sektore batzuk ados daude, baina baldintzak jartzen dituzte: adibidez, baliabide horiek emakumeei bideratutako partidetatik ez hartzea, edo proiektu horrek emakumeek eta mugimendu feministak egindako lana eta aldarriak ez ezkutatzea.
Halaber, feminismoaren tesi eta aldarrikapenen alde, berdintasunaren alde agertzen diren gizonak arbuiatzen dituzten gizonak ere badaudela uste dut, eta horieko batzuk antolatuta daude, antifeminista gisara. Eta azkenik, berdintasunarekin lotutako arazoak emakumeei dagozkiela uste duenik ere badago, eta horiek harriduraz edo mesfidantzaz behatzen dute gizonak inplikatzeko joera.
Nola berrikusi eta landu behar da maskulinitatea eta genero rolak gizonekin?
Ez dut uste formula magikorik dagoenik. Nire aburuz, mezu labur eta argiak dituzten sentsibilizazio kanpainek atentzioa bereganatzen dute, pertsonen artean eztabaidatzeko edo bakarka hausnartzeko ateak ireki ditzakete. Bestalde, hezkuntza programek bizitzaren aro jakin batzuk estaltzen dituzte (haurtzaroa eta nerabezaroa), eta gogoeta geldoagoa, jarraiagoa ahalbidetzen dute, ikasgelan edo eskolan gerta daitezkeen eguneroko abaguneei agokituagoa. Hortaz, gizonen nortasuna, maskulinitatea eraikitzen ari den aroetan esku har daiteke horien bidez.
On:gizen 25 urtetik gorako gizonekin egiten dugu lan batik-bat; adin horietako gizonekin maskulinitatea eta genero rolak berrikusteko eta lantzeko, ideologia, jarrerak, emozioak eta jokabideak lantzen dituzten programak abiatu behar direla uste dut, bikote harremanetan, aitatasuna bizitzeko eta adierazteko moduan, emakumeekiko eta beste gizoneko erlazioetan eta abarretan eragina izatea nahi baldin badugu.
Berdintasunarekin bat datorren maskulinitate eredu bakarra al dago?
Ez dut uste ereduak egotea ona denik, uste baldin badugu gizonen artean aniztasuna dagoela, eta hori onartzea eta errespetatzea ezinbestekoa dela beste pertsona parekotzat hartzeko. Nahiago dut berdintasunarekin bat datozen baloreak eta jokabideak sustatzea, hala nola, bizitzeko eskubidea, aniztasuna (generoan, etnian, sexuala, funtzionala), parekidetasuna, konpromisoa, erantzukidetasuna... Sozializazio agente guztietatik horrelako baloreak sustatuko eta trasmitituko balira, ziur nago berdintasunarekin bat egin eta gizon sentitzeko eta adierazteko modu asko egongo liratekeela.
Adinaren arabera era desberdinetan egin behar al da lan gizonekin?
Beste edozein gairekin bezala, ekintza bat diseinatzean pertsonen adina edo haien bilakaera unea kontuan hartu behar dela uste dut. Garapen kognitiboa, emozionala edo afektiboa ez da berdina haurtzaroan, nerabezaroan edo heldutasunean, eta horrek berdintasunari buruz eztabaidatzeko, hausnartzeko edo sakontzeko gaitasuna nabarmen baldintzatzen du. Lengoaia, hitz egitean eta jardutean erabiltzen diren kodeak, egoerei edo pertsonei ematen zaien garrantzia, kezkatzen dituzten gaiak ere ez dira berdinak; haien beharrizanak eta interesak oso bestelakoak dira adinaren arabera. Beraz, bilakaera unea kontuan hartu behar da landu beharreko gaiak ezartzerakoan, eta gaiok landu beharreko moduak erabakitzerakoan. Dena den, adinaz gain, beste hainbat aldagai ere kontuan izan behar dira: etnia, erlijioa, mendekotasunik duten, klase soziala, maila akademikoa... Emakumeak bezalaxe, gizonek ere talde heterogeneoa osatzen dute, eta aniztasun hori ezinbesteko printzipioa da ekintzak diseinatzean.
Hainbat ikerketen arabera, gazteek ez dituzte jokabide matxistak antzematen.Bereziki kezkagarria al da hori?
30, 40 edo 50 urtekoek ez antzematea bezain kezkagarria da. Halere, ulergarria iruditzen zait gazteek jokabide matxistarik ez detektatzea; izan ere, nork hitz egin die horri guztiari buruz? Eskolak, familiak, hedabideek, elizak? Ezin dugu ahaztu instituzio horiek genero sozializatzaileak direla: sexua-generoa sistema produzitzen, errepikatzen, mantentzen eta justifikatzen dute, ordena patriarkala mantzentzeko "egitekoa" dute. Hartara, gazteek berdintasunezko jarrera eta jokabideak barnera eta gara ditzaten, eskoletan, aisialdirako espazioetan edo gazteentzako beste edozein esparrutan hezkidetza programak abiatu behar dira. Hori egin egiten da dagoeneko, baina kopurua eta intentsitatea ez da nahikoa nahi dugun aldaketa gauzatzeko. Ez dut tremendista izan nahi, eta beraz, garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea egungo gazteak ez direla duela 25 urtekoak bezalakoak, gure gizartean egin diren aurrerapauso guztiek isla positiboa dutelako egungo gazteengan. Halere, izugarri kezkatzen naute haien harreman afektibo-sexualen ezaugarriak, harreman horietan neskek eta mutilek bereganatzen dituzten rolek, eguneroko bizitzako "mikrobiolentziak"... Hor asko dago egiteko oraindik. Gazteekin berdintasuna gehiago lantzen ez bada, heldutasunera, lan merkatura, amatasunera edo aitatasunera iristen direnean, aspalditik aldatzen saiatzen ari garen eredu berberak errepikatuko dira.
Emakumeen gazteen artean ere rol maskulinoak "kopiatzeko" joera hedatzen ari da, adibidez, jokabide oldarkorrek nolabaiteko prestigio soziala ematen dutelako. Horrelako baloreei ospe ona kentzean datza konponbidea?
Ez nuke esango jokamolde oldarkorrak berez baloreak direnik, baina badirudi gure gizartean komunikatzeko molde nagusia agresiboa dela. Horrek, halaber, trasmititzen den emakume gazte edo nerabearen ereduan eragiten du: seduzitzen duen objektua, sexualki iniziatiba duena, menderatzailea... Gainerako pertsonen eskubideak errespetatuz, bere sentimenduak, beharrizanak, eskubideak eta iritziak adierazten dituen pertsona asertibo gisara aurkeztu ordez.
Emakume gazteek gizonei esleitutako rolak kopiatzen dituzte, nire ustez, gure gizartea andozentrista eta sexista delako, eta marko horretan, eredu maskulino hegemonikoak islatzen duen horrek dauka balioa. Fenomeno hori emakume helduetan ere ikus daiteke, lan esparruan adibidez, enpresetako antolakuntza kultura maskulinoa izan ohi delako; beraz, kargu jakin batzuetara heldu nahi duten pertsonek kultura horrekin bat datozen balore, jarrera eta jokamolde zehatz batzuk bereganatu behar dituzte, bestela, kristalezko sabai ospetsuarekin topo egingo dutelako.
Balore batzuei ospe ona kentzeari dagokionez, nire iritziz, gizonei esleitutako jarrera eta rol batzuk positiboak dira, emakumeei esleitutako jarrera eta rol batzuk ere positiboak diren bezalaxe. Horietako batzuk eta besteak libreki hauta ditzaten hezi behar ditugu pertsonak, nire aburuz; horrek pertsona asebeteagoak dituen gizarte parekideagoan, baketsuagoan bizi gaitezen lagun dezake.
EAEn, berdintasunaren aldeko gizonen mugimendua nahiko gaztea da. Zer moduz doa sareak eta aliantzak eraikitzeko prozesua?
Nahiko ondo doala esango nuke, baina adi-adi egon behar dugu. Ni 2006ean hasi nintzen maskulinitate gaiak lantzen, eta uste dut hiru urte luze hauetan aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugula, bai kopuruz, bai kalitatez.Edonola ere, badakigu aliantzak eta sareak eraikitzeko prozesua motela dela, eta ez dela lineala, gorabeherak dituelako. Nire ustez, orain Gizon Sarea (EAEko berdintasunaren aldeko gizonen sarea) une onean dago: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako bidean lagundu nahi duten hainbat talde formal eta informal zein norbanako biltzen ditu. Edozein mugimendutan bezala, gizonenak ere liderrak behar ditu, gogo eraldatzaile eta demokratikoez jardungo dutenak, ideologiarekin eta ekintzekin konpromisoa dutenak.Beste gizon batzuk inplikatzeko jarduerak egiten jarraitzea ere garrantzitsua da.
Uste duzu Gizonduzek ateak zabaldu dizkiela antzeko ekimenei eta gizonek berdintasunean izan beharreko parte-hartzeari?
Gizonduz jarduera on gisara har daitekeela uste dut, beste Autonomia Erkidegoek lan ildo hori edo antzekoa jarrai dezaten. Era berean, nire iritziz, Gizonduzek burututako ekintza sinbolikoen bidez, gizonek gai hauetan pentsatzen hastea ahalbidetu du, eta berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka dauden gizonak ez dira horren bakarrik sentitzen.Eta hezkuntza egitasmoen bidez parte-hartzerako giro aproposa eratu da.
Edonola ere, eraldaketa sakonenak ez dira, oro har, instituzioetatik heltzen, gizartetik baizik. Nire ikuspegitik, horrek apustu sendoa eskatzen die erakunde publikoei, elkarte sozialei eta komunitateko beste hainbat sektoreri, gizarte bidezkoago eta parekideagoa eraikitzeko bidean gizonak inplika daitezen bultzatzerakoan. Horretarako, berariazko baliabideak bideratu behar dira, emakumeen jabekuntza prozesuari edo haien eskubideei kalterik eragin gabe. Erakundeek eta elkarteek genero ikuspegia txertatu behar dute haien programa eta politiketan; horrek esan nahi du emakumeekin eta gizonekin egin behar dutela lan. Sinetsita nago gizonen inplikazioan eta aldaketan lan egitea estrategikoa dela emakumeentzat, eta gainera, gizonei mesede egiten diela.