

Euskadiko GGKE (Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea) koordinadoran 2000. urtetik aurrera genero taldea daukate elkarteek beraien proiektuetan eta programetan, eta baita beraien talde egitura eta kulturan genero ikuspegia sar dezaten sentsibilizatzeko eta bultzatzeko. Emakume taldea bezala planteatuta ez dagoen arren, gizonen partehartze aktiboa eta etengabea ez zen %5 baino handiagoa. Gizonen inplikazioa handiagotzeko genero komisioko gizon batzuk talde bat sortu dute maskulinitate eredu berri bat sortzeko behar izanaz banakakoaren eta taldearen kontzientzia sortzeko. 12 euskal GGKEtako 15 gizon 2009ko irailetik biltzen dira, Gizonduz-en laguntzarekin.
Zergatik egin zenuten gizonen talde bat sortzearen alde?
Garapen baten ondorio logikoa izan zen. Genero taldean egindako sentsibilizazio proposamen guztietan agerian geratu da genero berdintasunean bultzatze aktiboan gizonik ez dagoela. Genero taldeak onartu zuen garapen desberdin batetik gizonak inplikatzeko beharra, generoaren kontua gizonen harremanen eta sozializazioaren ikuspegitik lantzeko. Azken helburua da, finean, planetaren Iparraldean eta Hegoaldean berdintasunaren aldeko borrokan gizonen arteko elkarteak sortzea.
Zer egiten ari zarete horretarako?
Gure helburua da talde eremu bat sortzea, gure artean generoa, garapena eta maskulinitate berriekin zerikusia duten gaien inguruan eztabaidatzeko, formatzeko eta elkarbanatzeko bizitakoaren alderditik (esperientziak) eta alderdi teorikotik (usteak eta teoriak). Kuestionamendu pertsonal eta taldekoa egin nahi dugu gure maskulinitatea deseraikitzeko eta era horretan aldaketaren eragileak izateko, bai alderdi pribatuari dagokionean, eta bai alderdi publikoari dagokionean ere. Hilean behin biltzen gara Bilbon eta Donostian (taldeko kideak bertakoak baitira) eta arratsalde osoak ematen ditugu kanpoko laguntzarekin formakuntza logikarekin, eta elkarpartekatze pertsonala errazten duten dinamikak landuz, alderdi teorikoan soilik geratu gabe. Helburua kide garen GGKEetako barne dinamiketan eta proiektuetan generoaren ikuspegia hobetzea den arren, geroz eta gehiago ohartzen gara bakoitzak egiteko duen garapen pertsonalaz, eta uste dugu beharrezkoa dela hutsune hori betetzea berdintasunarekiko gure konpromisoa sendotuz. Adi gaude autokonplazentzian ez erortzeko, baina ausartuko nintzateke esatera taldeko gizon bakoitza hauteman daitezkeen garapena bizitzen ari dela, jarreretan, hartu-emanetan, bizipen pertsonaletan. Zenbait kasutan emaitzak nabari daitezke esperientzia antolamenduan islatzen baita.
Zer nolako laguntzak dituzue bilakaera honetan?
GIZONDUZek ilusio handiz lagundu digu hasieratik, gure esku jarriz baliabide pertsonalak, materialak eta beraien esperientzia. Formakuntza kontuetan bideratu gaituzte, baita batzarretara gonbidatu ditugun hizlariak hautatzerakoan ere. Era berean, beraiek sortutako materialak eskuragarri jarri dizkigute (eskuliburuak, berdinometroak, motxilak…), eta laguntza publiko instituzionala dakarren edozer erraztu digute. Baina konpromiso instituzionalaz areago, alderdi pertsonalean lagundu digute, eta alderdi afektiboan ere baietz esango nuke. Oraindik egiteko daukagu beste gizonen talde gehiago gertuagotik ezagutzea eta elkarbanatzea, nahiz eta gure taldeko gizon guztiak gonbidatzen ditugun Gizon Sarearen ekimenetara eta informazioa eta kontaktuak banatzen ditugun.
Zer irizten diozu euskal GGKEk ekimenetan generoaren ikuspegia sartzea?
Nabaria da aurrerapauso positiboa eman dela. Instituzio publikoak garapen honetan akuilu garrantzitsua izan dira, izan ere Iparrean eta Hegoan gizonen eta emakumeen botere harremanak kontuan hartzen dituzten garapenerako lankidetza politikak bultzatzean harturiko konpromisoa hain era nabarmenean egin izanak bultzatu du zenbait ONGD genero kontzientziazio bilakabide honetara gehitzea dirulaguntza publikoak jaso ahal izateko. Bene-benetan uste dut kanpo eragin horrek desberdintasunarekiko uste eta ulermen sakona landu duela. Genero eta Garapen teoriak egokitzerakoan gehien aurreratu den alderdia da emakumeen ahalduntzea proiektuetan eta programetan. Honen parez pare jartzen dira antolamenduaren alderdian egindako aurrerapauso urriak, hala nola GGKE askoren politika eta egituretan gertatzen dena.
Nola sar daiteke gizonen genero ikuspegia garapenerako lankidetza proiektuetan?
Genero harremanek gizonen eta emakumeen arteko elkarrekintzaren boterea neurtzen dutenez, zentzuzkoa da adieraztea genero zuzentasunagatik gizonak lanean sartzeko beharrizana, nahiz eta sarrera hori izan dadin gizonak aldatzeko emakumeen ahalduntze bidean aurrera dezaten. Sozializazio sexistatik (orain dela 200 urte feminismoak agerian jarri zuenetik nabarmenen) ateratzen den ondorio zuzena da gizona emakumea baino egoera pribilegiatuagoan dagoela, eta besteren artean gizarteko, politikako eta ekonomiako egitura guztietara heltzen dela. Baina sozializazio honek kostu gogorra ekarri die gizonei. Maskulinitate berriekin lan egiten dugunok pribilejio horien kostuak identifikatzen saiatzen ari gara eta baita desmuntatu nahian ere. Deseraikitze lan hori gizon guztiek egin dezaten aldarrikatzen dugu, izan ere horrek gizakiaren garapena dakar eta beharrezko osagarria da emakumeen ahalduntzerako. Garapenerako Lankidetzako gizon taldeko gizon kideak ildo honi jarraituz ekimen desberdinak egiten ari dira Iparrean eta Hegoan, baina oraindik ere goiz da emaitzez hitz egiteko.
Zer aldatu behar duzue gizonek zuen partehartze eta antolamendu sozial moduetan?
Nahigabeko eta oharkabean nagusi den maskulinitate era askoren aldaketa lankidetza eremura. Egiteko erak, izateko erak, jokatzeko era, harremanetakoa… GGKEen gizon taldean lanean daramagun denboran aldaketarako aukerak identifikatzen aritu gara: emozioak azaltzeko eta kudeatzeko zailtasunak, eremu publikoa betetzeko gogo bizia, hitza eta erabaki guneak bereganatzea, heroiaren eredu idealizatua, zainketa lanak gutxiestea, diru sarien baldintza hoberenak bereganatzea, elkartasunarekin lotutako baloreen bihurketa, baita dialektikoa ere, baita zerbitzuarekin lotutakoak ere, gatazka, borroka, gudu, garaipen…terminoekin. Egun nagusi den maskulinitatea ez den beste eredu batean sinesten dugu, eta oraindik ere zehatz-mehatz zein den ez dakigun arren, ez eta nola lortuko dugun ere, maskulinitate berri baten eraiketa lana, emakume lagunek (bizitzan lagun direnekin eta GGKEetakoekin) lagunduko digute berdintasunetik gertuago dauden gizonak izaten.
Garapenerako lankidetzarekin loturiko baloreak (elkartasuna, altruismoa, zaintza…) ez dira tradizionalki gizonenak. Eremu hau aberatsa al da berdintasunezko maskulinitate ereduak sendotzeko?
Datuen arabera gizonak geroz eta presenteago gaude Lankidetza esparruan profesionalizatzen eta irtenbide laboral gisa sortzen hasi denetik. Baina oraindik ere desberdintasun handia dago boluntarioen artean emakumeen eta gizonen partehartzean, batzuek eta besteek hartzen dituzten postu eta lanak laneko banaketa sexualari lotuta daude era argian. Joera orokorra da emakumeak gizartearen zerbitzurako nahiak bultzatuta jarduten direla eta gizonak gizartean garrantzia hartzeak eta elkartean nabarmentzeak. Hausnarketa horretatik abiatuta, garapenerako lankidetzak sor al lezake maskulinitate desberdina era batera edo bestera desberdintasuna bermatzen eta bultzatzen dituzten eredu tradizionalak eta eginkizun banaketak errepikatzeko akatsa egin gabe? Benetan uste dut baietz, baina horretarako beharrezkoa da gizonak genero kontuetan interesatzen has gaitezen, eremu pertsonaletik, aldaketatik, jarraitzen dugun eredu maskulinoa zalantzan jartzeko jarrera ausartetik.
Sektore feminizatua izan arren, garapenerako lankidetzan emakumeentzat ikusezina den muga egoten jarraitzen du.
Bai, hala diote GGKEetako koordinakundeko eta bere genero taldeko ikerketek eta argitalpenek. Gizartearen isla gara eta patriarkatuak ez du ezikusiarena egin gure sektorearekin. Lanari dagokion gaia eta oro har antolakuntza egiturari dagokion guztia denbora luzez gai tabuak izan dira. Hain zuzen ere, Genero Taldea izan da “etxe barruko” desberdintasunak agerian jartzen hasi dena. Genero gaietan trebatutako gizon asko daude beraien eguneroko bizitzan sozializazio sexistak dakartzan inplikazioei buruz hausnarketa pertsonalik egin ez dutenak. Jarrera horrek bideratzen du ikasita ditugun eta neutrotzat edo naturaltzat hartzen diren portaera eta jarrerak errepikatzera, eta baita gure eremu pertsonal eta antolatzailetik kanpo hain argi ikusten ditugun dominazio eta desberdintasun eskemak berriro ekoiztera. Bide bakarra dago ikusezina den muga hori gainditzeko: gizonen aldaketa pertsonala, gizonak maskulinitate berri batera eramango dituen aldaketa.