Ángel Elías: “Emakumeei esleitutako balore batzuek guztiontzat izan behar dute, eta gizonak horretan ari gara”
Ángel Elías, director de la Escuela de Relaciones Laborales de la UPV
“Pribilegiatu” sentitzen da Angel Elias unibertsitate esparruan, genero rolen inguruan hausnartzeko abagune egokia delakoan. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harremanen Eskolako zuzendari gisara, berdintasunaren eta maskulinitatearen inguruko gogoeta bultzatzen saiatzen da ikasketetan genero ikuspegia txertatuz.
Zein presentzia dute gizonek eta emakumeek Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Lan Harremanetako eskolan?
Azken 10-15 urteetan, ikasleen artean emakumeak dira gehiengoa; irakasleen artean antzekoa da emakume eta gizon kopurua, eta Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalean ere oreka handia dago. Nik esango nuke normaltasunera heltzen ari garela, baina egia da gizonek eta emakumeek ikasketa desberdinak aukeratzen dituztela, eta bestalde, unibertsitateko titulu eta master gehienetan emakumeak nagusi direla.
Lan Harremanetako eskolako zerrendetan emakumeak dira nagusi, eta klasean ikusten da batez ere, etortzen direnen %70 emakumeak direlako. Gure zentroan, hogei urtean lau zuzendari izan ditugu, denak gizonezkoak. Egungo zuzendaritza taldean, nirekin batera beste lau pertsona daude: hiru zuzendariorde (bi emakume eta gizon bat) eta idazkari nagusia, emakumezkoa. Gure batzordeetan oreka izaten da, baina sailetako ordezkari edo koordinatzaile gehienak gizonak dira.
Ikasleen jarreretan antzematen al da genero rolen eragina?
Nik dudan pertzepzioa mugatua da, baina normalizazio maila altua antzematen dut. Talde misto asko ikusten ditut, agian emakume gehiago dituztenak, baina kopuruz ere gehiago direlako; aurretik elkar ezagutzeak edo eskualde beretik etortzeak elkartzen ditu. Dena den, zalantzarik ez dut egungo gizartean eta kulturan indarrean dauden baloreek eta errealitateak eragina dutela emakumeen eta gizonen portaeran, baina itxura batean ez nuke esango estereotipoak agerikoak direnik; askoz ahulagoak dira.
Ikasketen edukietan zein toki du genero ikuspegiak?
Edukietara eramatean, zeharkakotasunez txertatu behar da genero ikuspegia; berdintasun printzipioak garrantzi handia du gure gizartean eta, maila formalean ez ezik, esparru eta gauza guztietan saiatu behar gara gaia jorratzen, eta benetan gizonengan eta emakumeengan zein ondorio dituen azalduz. Gure masterretako batean, Gizonduzekin elkarlanean jardun gara aurten, eta zortzi orduz gai hauek landu ditugu; egun dauzkagun portaerek lan arriskuetan nola eragiten duten eztabaidatzea oso interesgarria izan zen.
Zein pisu dute maskulinotasun eredu hegemonikoak bultzatzen duten baloreek lan esparruan?
Nik uste dut unibertsitatea esparru desberdina dela; beste erakunde eta enpresekin alderatuta, esango nuke estereotipoak askoz ahulagoak direla hemen, eta berdintasunari dagokionez, gizonek galduta genituen baloreez kontzienteago garela, badakigula zein garrantzitsua duen sentimenduak azaltzea, adibidez. Inguruan dudan giroan desoreka gutxiago dago, pribilegiatuak gara.
Unibertsitatetik kanpo nabariagoa da maskulinotasunaren eragina, sistema ekonomikoan bertan. Baina horretaz gain, agerikoa da egiturak berak arazoak sortzen dizkiela emakumeei, batez ere ama izateko orduan, haurdunaldia pasatu eta umeak izan behar dituztelako, nahiz eta bikotekideekin ardurak partekatu. Haien ibilbide profesionalean aurrerapausoak emateko zailtasunak dituzte oraindik. Errealitate horiek ondorioak ditu: lanpostu finkoa izan arte ez dute ama izateko erabakia hartzen, ez baita erraza lanaren eta promozioen inguruan egun dugun ikuspegia amatasunarekin bateragarri egitea. Hori ez da gizonekin gertatzen. Izan ere, merkatuak bere beharrizanak inposatzen ditu, gizon zein emakumeen bizitza pertsonal edo familiarraren gainetik, baina horrek eragin handiagoa du emakumeengan, eta ondorioz, gizonek errazago lortzen dute ibilbide profesional oparoa egitea. Aldiz, andreek oposaketen aldeko hautua egiten dute, ahalegin handia eskatzen duten arren, segurtasuna eta finkotasuna dakartelako. Printzipioz, guztiok askatasunez erabakitzen dugu gure etorkizuna, baina genero rolak errealitatean daude, eta molde horien eragina nabaria da.
Gizonek barneratu al dituzte aitatasunak dakarren ardura?
Urrats bat falta zaie. Baina kultur mailan eraldaketa izan da bikoteen barruan, eta aurreko belaunaldiekin konparatuta, gaurko bikoteen artean normalagoa da haurrak izateko proiektua komuna dela, zentzu guztietan. Hori ere esparru publikoan ikusten da: ama izateko adinean dauden emakume gehiago dago politikan, kiroletan… nahiz eta parekotasunera iristen ez diren, baina poliki hobetzen ari gara.
Zein eragin du maskulinitateak lan istripuetan?
Erabat lotuta daude, eta lan istripuen auzian argi ikusten da zein balore mota bultzatu duen kultura honek, eta batez ere gizonek, euren autoestimua, zoriona, bizitzaren oreka bilatzeko zein trebetasun eskuratzen duten. Alde batetik, arriskutsutzat hartutako lanbideetan gizonak dira nagusi, eta era berean, gizonek arrisku handiko jokabideak izaten dituzte; hori oso argi geratzen da, adibidez, autoa gidatzean oro har gizonek eta emakumeek izaten dituzten jokabideetan. Beste alde batetik, bere buruaz beste egiten duten pertsona gehienak gizonezkoak dira. Esaten da emakumeek depresio gehiago izaten dituztela, baina arazoa azaltzen dutenean aukera gehiago dute irtenbidea topatzeko. Aldiz, zure buruari edota besteei sentipenak agertzen ez badiezu, arazoak onartzeko edo besteekin konpartitzeko gaitasunik ez baduzu, auzia ezkutatuta geratzen da, eta hobera egin ordez okerrera jotzen du. Denok dauzkagu akatsak eta mugak, baina horrek ez du zertan norbere zoriontasuna ekidin, eta hori onartzen ikasi behar dugu.
Autoak gidatzeko modua aipatu duzu; ohikoak dira emakumeei egindako kritikak, adibidez, neurrizko abiaduran joateagatik.
Bai, estereotipoen eragina argia da adibide horretan. Baina garai batean era negatiboan baloratzen ziren ezaugarri horiek egun hobeto ikusten ditugu, eta konturatzen ari gara, adibidez, ez dugula zertan gehiegizko abiaduran gidatu, arrisku hori hartzeak ez duela ausardia adierazteko balio. Horrelakoek argi islatzen dute emakumeei esleitutako balore batzuek guztiontzat izan behar dutela; uste dut gizonok pixkanaka horretan ari garela, balore horiek gure egiten, norbere errealitatean gustura egoten eta zoriontsu izaten ikasten. Dena den, genero ikuspegiak pertsona bakoitzaren izaerari erreparatzera eraman behar gaitu, ez bere sexuaren arabera antzematera.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuorde izan zinen; gizartean hainbesteko ikusgaitasuna duten ardura postu horietan, desberdin epaitzen al da gizonen eta emakumeen lana?
Ez naiz ausartzen erabateko erantzuna ematen. Ni Jaurlaritzan egon nintzeneko lan taldean gizon gehiago zeuden, baina halere, nik pertsona bakoitzaren nortasuna baloratzen zela sentitu nuen. Egun politikan gero eta normalagoa da emakumeen presentzia. Ardura postuetan molde batzuk egon daitezke, baina uste dut karguek eta exijentzia mailak dakartzatela. Gerta daiteke halakoetan molde maskulinoak indarrean egotea, tradizionalki gizonak egon direlako boterean, eta batez ere komunikatzean, motibatzean, besteengandik hurbil sentitzean, molde horiek aldatu beharko genituzke, lehen aipatu dugunez, emakumeei esleitutako baloreak gure eginez. Dena den, pertsona bakoitza bere erara kudeatzen dituzte abagune horiek; eta egoera horri buelta emanez gero, antzemango dugu emakumeek ezaugarri jakin batzuk garatzeko erraztasun gehiago izango dituztela.