Euskadi.net-era sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gizonduz
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Emakumeen ahalduntzea eta gizartearen eta politikaren arloko parte hartzea


Sarrera

Emakumeen eta gizonen berdintasunerantz aurrerapauso handiak egin ditugun arren, gure gizartean desoreka handiak daude oraindik boterearen, baliabideen eta etekinen banaketan. Sistema patriarkalean genero maskulinoa boteretik definitzen da, funtsean, eta beraz, genero femeninoa, mendekotasunetik. Bizitzaren eremu guztietan agertzen dira botere-harreman desorekatuak, eta hainbat modutan adieraz daitezke: eremu pribatuan, menderatzeko eta kontrolatzeko mekanismotzat indarkeria baliatuta, eta eremu publikoan, emakumeak agintetik, eragin-ahalmenetik, dirutik eta baliabideetatik kanpoan utzita, modu sistematikoan. Hau da, emakumearen autonomia fisikoa, ekonomikoa, politikoa eta gizarte-arlokoa ukatuta.

Hierarkia-harreman horiek ezabatu eta boterea berriro ere orekatzea lortzeko, emakumeek boterea konkistatu behar dute arian-arian, genero-harremanak berriz eraikita, gizarte-arloan. Baina ez sistema patriarkalak izan duen botere-kontzeptuan oinarrituta, baizik eta boterea beste modu batera ulertuta, emakumeen erabateko autonomian eta herritartasunean oinarrituta, alegia.

Ildo beretik, emakumeek konkistatu beharreko lau autonomia mota, gutxienez, aipa ditzakegu: autonomia fisikoa, emakumeek beren gorputzaren, sexualitatearen eta ugalkortasunaren gaineko boterea eta kontrola gauzatzeko aukera izanda; autonomia ekonomikoa, baliabideetarako eta ondasunetarako sarbidea eta horien gaineko kontrola izanda; autonomia politikoa, oinarrizko eskubideetarako benetako sarbidea eta horiek gauzatzeko aukera izanda, esate baterako erakundeetan parte hartzeko eskubidea, erabakiak hartzeko guneetan, alderdi politikoetan... Gizartearen eta kulturaren arloko autonomia, kultura-baliabideetarako eta informaziorako sarbidea eta horien kontrola ez ezik, nortasun independentea, norberaren balioaren onarpena eta autoestimu-sentimendua izateko eskubidea ere izanda.

Emakumeen ahalduntzea, eta gizartearen eta politikaren arloko parte-hartzea ezinbesteko estrategiak dira autonomia eta eskubide osoko herritar izatea lortzeko. Baina zeri esaten diogu ahalduntzea? Ahalduntzea hitza ingelesezko empowerment kontzeptuaren itzulpen literala da, eta "boterea irabazi" esan nahi du, indartzea, alegia, emakumeen gizartearen, ekonomiaren eta politikaren arloko egoeran. Emakumeen kontzientziazio-prozesuarekin -banakakoa eta kolektiboa- loturik dago, eragin-gaitasunerako eta boterea gauzatzerako sarbidea ematen duten prozesuetan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte-hartzea areagotzeko aukera dutela.

Ahalduntze-prozesuan bi maila sartzen dira, banakakoa eta kolektiboa. Banakako mailan, emakumeen mendekotasunari buruzko kontzientziazio-prozesua da, eta maila kolektiboan, bizitzaren hainbat eremutan emakumeek pairatzen duten gizarte-mendekotasunari eta diskriminazioari buruzko kontzientziazioa lortzea. Hortaz, estrategia zabala dela esan dezakegu, subjektiboa nahiz objektiboa barnean hartzen dituena, banakakoa nahiz kolektiboa, tokikoa nahiz orokorra. Banakakoa, emakume bakoitzak bere indarguneak ezagutu eta botere pertsonala sendotuko duen banakako kontzientziazioaren bitartez ekiten zaiolako, bere eragin-gaitasuna gauzatzearren. Kolektiboa, banakako horretan prozesua ez dela amaituko ulertuta, ikuspuntu kolektibora ere igaroko baita. Banakotasunetik eta subjektibotasunetik egindako lan horri esker, emakumeen interes kolektiboen aldeko borrokaren inguruan, hots, genero-interesen alde antolatzeko aukera izango dute emakumeek. Tokikoa eta Orokorra, emakumeei ingurune hurbileneko (gizartearen, politikaren, ekonomiaren, ekologiaren eta kulturaren arloko ingurunea) errealitatea ulertzeko aukera ematen dien estrategia delako, zapaltzen dituzten botere-egituren gainean hausnartzeko aukera, eta munduan haien egoera eta baldintzak hobetzeko ekimenei ekiteko aukera.

Hori horrela izanik, boterea lortzeko eta norberaren banakotasuna erabateko autonomiatik eta herritartasunetik gauzatzen duten lagun bihurtzeko balio duen estrategia da ahalduntzea. Aldi berean, prozesu bat ere bada, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna lortzeko ezinbesteko prozesua, berdintasun hori ez baita iritsiko botere-harreman hierarkikoak ezabatzen ez badira, eta emakumeak kanpoan uzten ez dituen botere-eredu berri bat eraikitzen ez bada.

Hala ere, zaila izango da gizarte-antolaketako eredu barne-hartzaile eta ez-hierarkizatua eraikitzea, biztanleriaren %50 prozesu horretatik at baldin badago. Horregatik guztiagatik, emakumeak ahalduntzearekin batera, ezinbestekoa da formula eta gune jakin batzuk prestatzea, non gizonek -banaka nahiz, dagokionean, modu kolektiboan- egungo sistema patriarkalaren zuzentasunari, bidezkotasunari eta iraunkortasunari buruz hausnartuko duten eta gai horien inguruan sentsibilizatuko diren, izan ere, gizonekiko egiturazko mendekotasun-egoeran uzten baititu emakumeak; sexuaren araberako estereotipo eta rolak izaki sistema patriarkal horren oinarri, estereotipo eta rol horiek norberaren nortasunaren garapen integralean duten eragin negatiboari buruz ere hausnartuko dute, haien gaitasun eta ahalmen guztiak baliatzea eragozten edo oztopatzen duten heinean, batik bat, ugalketaren eta maitasunaren munduarekin loturiko gaitasunak eta ahalmenak. Gure ustez, sentsibilizazioko eta hausnarketako prozesu horiek lagungarri izan daitezke geroz eta gizon gehiagok zalantzan jar dezaten maskulinotasun-eredu tradizionala, sistema patriarkalak eman diezazkiekeen pribilegioei uko egin diezaieten, eta modu aktiboan konpromisoa har dezaten gizarte-eredu demokratikoagoa, bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko; gizarte-eredu horretan, jende guztia libre izango da -eremu publikoan nahiz pribatuan- norberaren gaitasunak garatzeko eta erabakiak hartzeko, sexuaren araberako rol tradizionalek ezarritako mugak gaindituta, eta emakumeen eta gizonen jarrera, itxaropen eta premia ezberdinak kontuan hartu, balioetsi eta indartuko dira. Hori horrela izanik, gizarte-eredu berri hori eraikitzeko gizonen inplikazio handiagoa sustatzeko zenbait jardun sartu dira Planean.

Aurrekariak

1984. urtean Indian sortutako estrategia da ahalduntzea, eta Emakumeari buruzko III. Munduko Konferentzian (Nairobi, 1985) sartu zuten, honela definituta: "baliabide materialen (fisikoak, giza baliabideak edo finantzarioak, hala nola ura, lurra, basoak, gorputzak, lana, dirua), baliabide intelektualen (jakintza, informazioa, ideiak) eta ideologiaren (sinismenak, balioak, jarrerak eta jokabideak zabaltzeko, horiei eusteko eta instituzionalizatzeko erraztasunak) kontrolerako emakumeen itzulera mailakatua.

Marko juridikoa

1. artikuluaren arabera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen (http://www.emakunde.es/images/upload/LeyIO_e.pdf) xedea da emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea eta bermatzea, eta bereziki, emakumeen autonomia sustatzea eta haien egoera indartzea. Gainera, printzipio orokorrak biltzen dituen 3. artikuluaren bitartez, Legeak honako hau aldarrikatzen du: "Euskal herri-aginteek neurri egokiak hartu behar dituzte emakumeek eta gizonek eskubide politikoak, zibilak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, eta arauetan aitortu lekizkiekeen gainerako oinarrizko eskubideak, aukera berdinekin baliatzen dituztela bermatzeko, boterea eta baliabide eta etekin ekonomikoak eta sozialak eskuratu eta kontrolatzea barne". Legean argi eta garbi geratzen da aukera-berdintasuna ez dagoela baliabideetarako eta etekinetarako sarbidean, eta botererako sarbideko hasierako edo abiapuntuko baldintzekin soilik loturik, baizik eta baita horiek gauzatzeko eta benetan kontrolatzeko baldintzekin ere.

Ildo beretik, Legeari jarraiki, emakumeek botererako eta baliabideetarako sarbidea lor dezaten ez ezik, horiek gauzatzea eta kontrolatzea ahalbidetzeko neurriak ere ezarri behar dira. Artikulu horretan ahalduntze hitza espresuki agertzen ez den arren, modu inplizituan prozesu hori aipatzen du. Halaber, hirugarren tituluaren barruan, kapitulu oso batean gizartearen eta politikaren arloko emakumeen parte-hartzea indartzeko neurriak ezartzen dira. Neurri horien artean daude honako hauek: politika publikoen garapenean, emakumeen eta emakume-elkarteen benetako parte-hartzea ahalbidetuko duen erakunde bat sortzea, baita euskal administrazio publikoekin hitz egiteko mintzakide baliozkoa izatea ahalbidetuko duena ere, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez.

Bestalde, emakumeen ahalduntzerako prozesuak sustatzeko, indartzeko eta errazteko egitura izan behar du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planak (http://www.emakunde.es/images/upload/IVBP_e.pdf). Baina hasierako abiapuntuan ditugun mugak ezberdinak dira. Alde batetik, nortasunetan eta subjektibitateetan, eta banakako kontzientziatan eragiteko esku-hartze publikoak berak dituen mugak aurkituko ditugu. Bestetik, indartu nahi den prozesuak berak dituen mugak, norberaren banakako kontzientziaziotik datorren prozesua baita ahalduntzea, eta ezin baitu ezein erakundek eragin, baina erakundeen prozesu horri lagun diezaiokete.

Hari berari jarraiki, ahalduntze-prozesu horiek bultzatzen eta sustatzen laguntzeko asmoa du planak, baita emakumeen autonomian eragitekoa ere. Horretarako, lau lan-ildo antolatu dira, emakumeen autonomia fisikoa, politikoa, ekonomikoa, eta gizartearen eta kulturaren arloko autonomia lortzeko lagungarri. Ildo horien barruan programak daude, eta programa horietako esku-hartze estrategietan jardunak sartzen dira, emakumeen kontzientziazioan eragiteko helburua dutela, ahalduntze-prozesuei bultzada ematearekin batera. Emakumeen gizartearen eta politikaren arloko parte-hartzea zeharkako ildotzat txertatu da, emakumeen ahalduntze kolektiboa lantzeari dagokionez. Ildo horretan jardunak daude, gizartearen eta politikaren eremuan emakumeen parte-hartzea sustatzeko helburua dutela, demokrazia parte-hartzaileko mekanismoak ezarrita, parte-hartze organoak indartuta, eta politika publikoen, eta batik bat, Berdintasun Politiken jarraipenean eta kontrolean, eragiteko gaitasuna areagotzearekin loturiko jardunak eginda.

- Autonomia fisikoa: Lan-ildo honen helburua honako hau da: emakumeen autonomia fisikoa areagotzean eragitea, emakumeek beren gorputzaren, sexualitatearen eta ugalkortasunaren gaineko boterea eta kontrola gauzatzeko aukera izatea ahalbidetu eta sustatuko duten programak antolatuta. Ildo honetan osasunaren arloarekin harreman zuzena duten bi programa daude, honako hauekin loturik daudela: alde batetik, emakumeengan eragin handiagoa duten gaixotasunak atzemateko eta horiei arreta emateko eskaerak sartzearekin medikuntzaren sektorean; eta bestetik, emakumeek ugalketa-osasunaren inguruko kontrola areagotzearekin.

- Autonomia ekonomikoa: Emakumeen autonomia ekonomikoa areagotzearekin loturiko programak sartzen dira ildo honetan, gizartearen eta ekonomiaren arloko ondasunen eta baliabideen gaineko kontrola eta horietarako sarbidea izatea baitakar. Enpleguaren eta gizarteratzearen arloan zuzenean eragiten dute diseinatutako programek. Enpleguaren arloko programak enplegurako eta lan-baldintzetarako sarbidearekin loturik daude, gizonen aukera berdinak izanik. Gizarteratzeko programan, gizarte-bazterketa eta askotariko diskriminazioa pairatzen duten emakumeen baldintzak eta egoera hobetzeko lan egiten da.

- Autonomia politikoa: Lan-ildo honetan, emakumeen autonomia politikoa indartzen da, oinarrizko eskubide politikoetarako sarbidea eta horien benetako gauzatzea baitakar; esate baterako, erakundeetan parte hartzeko eskubidea. erabakiak hartzeko eremuetan, alderdi politikoetan... Bi programa bereizten dira. Lehenengoan, gune publikoaren planifikaziorako sarbidea izateko eta horretan esku hartzeko emakumeek duten eskubidean eragiten da zuzen-zuzenean; eta bigarrenean, hezkuntza-sektorean emakumeen presentzia areagotzean eragiten da.
 
- Gizartearen eta kulturaren arloko autonomia: Azkenik, laugarren lan-ildoan gizartearen eta kulturaren arloko autonomiari ekingo diogu, kultura-baliabideetarako eta informaziorako sarbidea eta horien kontrola ez ezik, nortasun independentea, norberaren balioaren onarpena eta autoestimu-sentimendua izateko eskubidea ere izanda.

Horretarako, bi norabideetan aritzen diren lau programa sartu dira. Hirigintza eta Ingurumenaren programan eta Kulturaren 2.A. programan, emakumeek artearen eta kulturaren mailan izandako lorpenen onarpen sinbolikoa lantzen da, baita haien memoria historikoaren eta autoestimuaren berreskuratzea ere. Eta kulturako gainerako bi programetan (1.A. eta 3.A.), kirolaren eta komunikazioaren eremuetan emakumeek aukera-berdintasunean sartzeko eta parte hartzeko aukera izateko helburua lortu nahi da.

Emakumeen gizartearen eta politikaren arloko parte-hartzea indartzea: Zeharkako lan-ildo honetan, emakumeen ahalduntze kolektiboan eragitea lortu nahi dugu, honako jarraibide hauen -zenbait jarraibide Legeak aldez aurretik ezartzen ditu- bitartez:

  • Emakumeek modu aktiboan parte hartuko duten demokrazia parte-hartzaileko prozesuak txertatzea.
  • Emakumeen parte-hartze organoak indartzea, hala nola Berdintasun Kontseiluak.
  • Gizartearen, politikaren, kulturaren, hezkuntzaren eta abarren arloko erakundeetan, Aukera Berdintasunarekin loturiko helburuak txertatzea.
Azken eguneratzea: 2008/04/22