

Lana eta familia bizitza bateratzeko «arazoa» pertsonek hainbat alorretan (pertsonala, familiartekoa, soziala eta lanekoa) beren beharrak asetzeko duten premiari uko egitearen edo ez ikustearen ondorioz sortzen da, alegia, errealitate zehatz bat ez ikustearen ondorioz: pertsonen oinarrizko beharrak asetzeak eskatzen duen denbora eta lana. Sozialki nahitaezkoa den denbora eta lana ikusgai egiten da soilik emakumeak –isilean horretaz arduratzen zirenak–ordaindutako lanari ekiten diotenean eta ondorioz, etxeko lanez arduratzen jarraitu behar dutenean, askotan bakarrik. Horren ildotik aipatu beharra dago lan erreproduktiboari buruzko gogoetak izan duen garrantzia eta mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek egindako lan bikoitza.
Egoera hau lan-kontzeptuaren ikuspegi androzentriko eta mugatuaren ondorio zuzena da, industrializazio garaian sortutakoari dagokiona. Une horretan, zereginen sexukako banaketa finkatu zen gaur egun ezagutzen dugun moduan: gizonek lan ordaindua izango dute eta haiek izango dira baliabide materialen hornitzaile ofizialak; emakumeek etxeko eta zainketa lanetan jardungo dute eta ez dute ordainsaririk jasoko, haien emetasunarekin loturiko lantzat hartuko dira («bere» lanak) eta hortaz ez dute inolako balio sozialik edo , ekonomikorik izango. Hala, produkzioaren alorreko lana enpleguaren kontzeptuarekin lotuko da, eta horregatik, ordaindutako lana izango da; etxeko eta zainketa lanetan jarduten diren pertsonak, ordea, «inaktibotzat» eta «mendekotzat» hartuko dira. Ikuspegi horren ondorioz, etxeko eta zainketa lana baliorik eta identitaterik gabeko lantzat hartu izan da, eta sistematikoki lanaren edozein diseinutik eta kudeaketatik kanpo geratu da, eta gauza bera gertatu da, hezkuntzarekin, hiri-planeamenduarekin, gizarte zerbitzuen sistemarekin.
Etxeko eta zainketa lanen balorazio eskasak edo baloraziorik ezak eragin dituen ondorio garrantzitsuenetako bat lan horiek ikusezin bilakatu izana da. Ez da kasualitatea emakumeen lan-merkaturatzea areagotzearekin batera kontziliazioa agenda publikora gehitu izana. Hortaz, emakumeek nahiz gizonek bizitzaren hainbat alorretan hartu beharreko erantzukizunei ezin dietenez aurre egin arazo sozial bilakatu da eta horrek jaiotza-tasa murriztea, familiaren eta lanaren esparruan gatazkak areagotzea eta emakumeek pairatzen dituzten zama psikologiko, ekonomiko eta sozialak handitzea ekarri du. Ildo horri jarraiki, nabarmentzekoa da gatazka horiek gutxitzen direla, berriz ere, etxeko eta zainketa lanak egiteko emakumeak kontratatzen direnean prekarietate handiko baldintzatan. Gaur egun emakume immigrante askok dihardu mota horretako lanetan, bertakoak ordezkatzeko. Beraz, beharrezkoa da kontziliazioari eta erantzukidetasunari buruzko planteamendu orotan jasotzea emakume immigranteek egiten dituzten lan prekarioek ez dituztela aurrerapenak eta gatazka eza erlatiboa eutsi behar.
Ez da kasualitatea ere «kontziliazio» izena bera hartu izana, bi eremutaz hitz egiten ariko bagina legez: publikoa eta pribatua, hermetikoak, bananduak eta bateratu behar direnak. Ordea, egokiagoa litzateke gizartea antolatzeko eredu berri baten premiaz hitz egitea, pertsonek, emakumeak nahiz gizonak, beren behar guztiak asetzeko aukera izan dezaten, bizitzaren arlo guztietan, eta eremu pribatuan eta publikoan dituzten erantzukizunei aurre egin diezaieten. Antolaketa sozialaren eredu berriak bizitzaren esfera ezberdinen harmonizazioa izan beharko luke oinarri eta horrela egungo egoera ekidin ahalko litzateke, esfera guztiak bakar batera egokitu behar baitira: lanekoa. Etxeko eta zainketa lanak behar diren neurrian baloratzea funtsezkoa da gure gizarteen funtzionamendurako eta erreprodukziorako, baita haiei eusteko ere. Gainera, produkzio lanei bezain beste garrantzi aitortu behar zaie, edo gehiago, eta bestalde, pertsonek beren denbora eta sozializatzeko denbora behar dutela aitortzea ere funtsezkoa da.
Kontziliazioa baino haratago joan beharra dago eta erantzukidetasuna berdintasun-politiken printzipio gisa ezarri, hau da, emakumeak zein gizonak eremu publikoan eta pribatuan erantzukizuna hartzea eta, batez ere, gizonek etxeko lanei eta zaintza lanei dagokien eremuan duten partaidetza areagotzea. Eta zerbait gehiago. Ardatz honen gako estrategikoa ez datza soilik gizonen erantzukidetasunean, baita Estatuaren, merkatuaren eta, oro har, gizartearen erantzukidetasunean ere. Beraz, kontziliazio erantzukidea errazteko enpresa kultura aldatu behar da, zerbitzu publikoen estaldura eta malgutasuna areagotu, eta hirigintza plangintza aldatu.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak, III. tituluan, bizitzaren alor guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra sustatzea xede duten hainbat neurri arautzen ditu, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratzea lehentasunezko esku-hartzea dela nabarmenduta. Hori bultzatzeko titulu horretako IV. kapituluan aldarrikatutako neurriak daude eta beste batzuk gehitu zaizkie hirugarren titulu hori osatzen duten gainerako sei kapituluei.
Kapitulu horretan ezarritakoa betez, Euskadiko administrazio publikoek bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratzearen alde egin behar dute hiru neurriren bidez: etxeko lanetan gizonen erantzukidetasuna sustatzea, enpleguaren egiturak bizitza pertsonalaren eta familiakoaren beharretara egokitzea eta, azkenik, zerbitzu soziokomunitarioak, prestazio ekonomikoak eta neurri fiskalak sortzea edo egokitzea.
Erantzukidetasuna sustatzeari dagokionez, 4/2005 Legeak hezkuntza-administrazioa ikasleei jakintza multzo bat ematera behartzen du, haiek etxeko lanekin eta pertsonen zaintzarekin loturiko premiak eta erantzukizunak, gaurkoak zein etorkizunekoak, beren gain har ditzaten. Era berean, Euskadiko administrazio publikoari ere eskatzen dio lan egin dezala gizonek etxeko lanen ardura har dezaten bultzatzeko, eta kontziliazioaren helburua lortzeko zerbitzu soziokomunitarioak barnean hartzen dituzten arauek gizonak arlo horretan erantzukide izateko neurriak izan ditzaten.
Enplegu-baldintzei dagokienez, 4/2005 Legeak eskatzen du Euskadiko administrazio publikoek neurriak ezartzea lanaldia malgutzeko eta berrantolatzeko, eszedentziak hartzen dituzten langileentzako laguntzak ematea, etxeko lanak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko beharrak asetzeko baimenak ematea eta lanaldia murriztea, bai eta enpresei laguntzak ematea ere lanaldia malgutu eta berrantolatu dezaten eta kontziliazioa helburu duten bestelako neurriak har ditzaten.
Azkenik, zerbitzu soziokomunitarioen egokitasunari dagokionez, Legeak arautzen du administrazioek zerbitzu eskuraerrazak, malguak, kalitatezkoak eta sarbide errazekoak ezarri behar dituztela autonomia funtzional nahikoa ez izateagatik eguneroko jarduerak beren kaxa egin ezin dituzten pertsonak zaintzeko beharrak asetze aldera. Beste alde batetik, eskatzen du haurrei zuzenduriko hezkuntzako eta laguntzako arreta zerbitzuak, eskola-jantokien zerbitzu osoa, curriculumetik kanpoko eta eskolaz kanpoko arreta osagarria, zerbitzu enpresentzako laguntzak eta azkenik, zainketa lanak egiten dituzten pertsonentzako lasaialdi-programak eta laguntza ekonomiko, tekniko eta psikosozialeko zerbitzuak bermatzea.
Antolaketa sozial erantzukidea osatzen duten eremu eta alderdi guztietan batera aurreratzeko, bi programa proposatu ditu EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Planak:
Gizarte erantzukide batek behar duena da giza behar guztiak balio maila berean kontuan hartzea, bai bizitzari eusteko beharrak bai mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko eta horiei arreta emateko beharrak, bai eta mendekotasun ekonomikoa sortzen duen produkziozko lanari dagozkionak ere. Hori guztia behar pertsonalak eta sozialak ahaztu gabe.
Programa honek funtsezko alderdi bat lantzea du xede: emakumeak eta gizonak modu orekatuan produkziozko eta erreprodukziozko lanean parte hartzea, denboraren erabilera emakumeen eta gizonen artean modu berrian banatze aldera.
Eta horretarako bi helburu estrategiko planteatu ditu. Lehena, gizonen partaidetza areagotzea sustatzea etxeko eta zainketa lanetan; hala, ardura horiek emakumeentzat izan direla eta direla ezarri duen lanaren sexukako banaketa neutralizatuko da.
Bigarrena, aurrekoaren osagarria, emakumeek produkziozko lanean eta harreman eta aisialdirako esparruan erabateko partaidetza izan dezaten sustatzea. Hori errazagoa izango da gizonak etxeko eremuko zeregin eta arduretan parte hartzen badu, besteak beste.
Programa honen xedea da Estatuaren eta merkatuaren aldetik erantzukidetasun handiagoa lortzeko neurriak ezartzea, batez ere, etxeko lanei eta zaintza lanei dagokien eremutik eratorritako erantzukizunak bere egiteari dagokionez. Hori guztia, emakumeak nahiz gizonak, berdintasunean, produkziozko eta erreprodukziozko lanean eta gizartean oro har parte hartzeko aukera izan dezaten.
Gizonek eta emakumeek produkzioaren eta erreprodukzioaren esferak partekatzen badituzte eta, orokorrean, esparru publikoa eta pribatua partekatzen badute, behar beharrezkoa da kontziliazio neurriak ezartzea horiek bateragarri egiteko. Gaur egun kontziliazio neurriek emakumeen enplegu baldintzen gainean duten eragin negatiboa saiheste aldera, benetako modu erantzukidean erabili behar dira, hau da, gizonek eta emakumeek proportzio berean baliatu behar dituzte. Beraz, erakundeen kultura kontziliazio erantzukiderantz aldatu beharko da, zerbitzu soziokomunitarioen estaldura handitu beharko da eta horietan nahiz biztanleentzako gainerako zerbitzuetan ordutegi malguagoak ezarri beharko dira, pertsonen beharretara egokitzeko eta langileen kontziliazioa ere bermatzeko.
Produkzioaren eta erreprodukzioaren esferen banaketa ere leku fisikoaren antolaketan islatzen da. Ezarritako muga gizartearen antolaketa erantzukidea lortzea baldin bada, hiriko plangintza eta garraio publikoa ere egokitu beharko dira kontziliazioa errazteko. Horretarako joan-etorrietarako behar den denbora murriztuko duten zerbitzuak eskainiko dira, eguneroko bizimoduaren jarduerak gauzatzeko.